Egoera hoberik ezean, irautea aski
Urte hobeak ezagutu izanaren zaporearekin egin zen, atzo, Santa Lutzi eguneko feria Zumarragan eta Urretxun. Euskal Herriko azoka handienetakoa izaten jarraitzen duela agerian utzi zuen, nekazaritzako arlo gehienen bilgune izan delako, berriz ere: ganaduzaleak, makinaria, nekazariak, frutazaleak eta artisauak. Horrek inguruan sortzen duen kale-giro, bisitari saldo eta pitxizale samaldarekin, atzo aterkiak eskainiz haitako asko. Baina ia denen ahotan ibili zen azokaren epela salmenta aldetik, eguraldiaren hotzarekin batera. Aurreko urteetan baino jende gutxiago zebilela zioten saltzaileek.
Freskotik eta umeletik hasi zen eguna, lau-bat gradurekin. Ateri eutsi zion ia bukatu arte, baina haize finak hormatu egiten zuen. Krisiari aurre egin nahian, iaz baino 15 salpostu gehiago zeuden Urretxuko eta Zumarragako plaza-kaleetan, 470 guztira, beti bezala jenero bikainenez eta ugariz ondo hornituak.
Santa Lutziren bereizgarri den ganadu erakusketan eta azokan hutsune asko zegoen. Denera 311 buru eraman zituzten ganaduzaleek: «32 zaldi, 33 moxal, 46 behor, 19 pottoka, 27 asto, zortzi ahuntz, hiru ardi, 142 poni eta zezen bat», udal iturrien arabera. Konparazio batera, 2005ean 757 buru izan ziren. Kokagune berrian ipini zituzten zaldi-behorrak, Urdaneta kalearen hasieran, Ispilla kiroldegi aldera. Ganadu txikia —ahuntzak, poniak, astoak…— Beloki frontoitik aurrera.
Salmentak «oso eskasak» izan dira, ganaduzale batek zioenez. Iturri ofizialen arabera, 10:00etarako 18 buru besterik ez zeuden salduta —lehenengo orduetan egin ohi dira tratuak—: «10 moxal, behor bat, bost asto, eta bi poni». Egun osoan 58 inguru saldu ziren guztira; iaz, 166 ziren.
«Hau gastatzen ari da»
Kiroldegi ondoan zegoen Andres Zabaleta zegamarra, mendiko behorrekin. Ganadu feriaren egoeraz galdetuta, ezkor agertu da Hiruetxetako nagusia. Feria «goitik behera» doala iruditzen zaio batetik, geroz eta saltzaile eta erosle gutxiagorekin. «Gastatzen ari da. Gazteari bideak ireki beharra dago, bestela kito».
Baina, bestetik, ganaduzaleen lanaren aitortza ezagatik ere kexu da. «Gauzak serio samar» hartu ezean, ganadugintza galduko dela ohartarazi du, «eta gero zaila izango da berreskuratzen».
Mendian erabiltzen ditu behorrak Zabaletak. «65 urteko ezaguera daukat ganadutan. Mendiak garbitzen dabiltzan behorrei behar duten balorea zergatik ez zaie ematen?», galdetu du Zabaletak. Ondoko esparruan zeuden zaldi gizendu dotoretuei ez zaiela hainbeste begiratu behar zioen, eta mendiak mantentzen dituztenen lanari arreta ipintzeko.
Deialdi bat egin du: «Mendian lotsagabekeria handia dago gaur egun. Langak itxi eta hesiak errespeta ditzala jendeak, hori eskatu nahi dut. Edo parrillak jarri». Bestetik, administrazioari ere egin zion eskaera, «hainbeste estutasun» burokratiko «betetzerik ez» dagoela esanez. «50 urte mendiko behorrekin lanean, eta gaur enpaz egiterik ere ez dago». Trenbideetako arduradunei ere pasaerak hesitzeko eskatu die.
Zumarragako plazan, trenbide gaineko zabalunean eta Urretxuko Gernikako Arbola enparantzan zeuden baserritarrek ere ez zuten ikuspegi askoz baikorragoa, orokorrean. «Santa Lutzi eguna izateko oso baxu doaz salmentak. Eta jendea, gutxi», zioen saltzaile batek Zumarragako plazako arkupeetan. Beste baten aburuz jendea «oso berandu» joan zen atzo feriara: «Hamaikak jota hasi da mugimendua».
Berriztik urtero etorri ohi den Santos Duñabeitiak ere salmentarik «apenas» egin zuen, «dirurik ez dago eta». Aurten jaitsiera handia sumatu duela zioen. Plazan, Arabako Oletako Maria Luisa Gonzalez de Audikanak, bere alaba Maider Unda borrokalari olinpikoaren argazkiaren azpian, «goiza ondo baina salmentak astiro» zihoazela aitortu zuen.
Urretxuko enparantzan, bi saltzailek goiz hobea izan zuten. Errezil sagar saltzaile batek, hala ere, «dagoen egoerarekin» gehiagoren irrikarik ezin dela eduki argitu zuen. Feria «ondo, poliki» joan zitzaion. Errezil sagar onenak lau euroan zituzten postu gehienetan, bost euroan bakan batzuek. Horiek ere, jaitsita.
Orokorrean, garai hobearen peskizan zeuden nekazariak eta saltzaileak, postu aurreko jendearen joan-etorriari begira.
• Ikusi saridunen zerrenda