Oteizaren eskultura jarri zuteneko 15. urtemuga gogoratuko dute

pnga_erakutsi-7San Jose egunez, 1998ko martxoaren 19an inauguratu zuten Ordiziako Goen plazan dagoen Jorge Oteizaren eskultura. Hamabost urte bete dira harrezkero, eta urtemuga hori gogoan,  Ordiziako Udalak Oteiza zena gogoratzeko ekitaldia ekitaldia antolatu ostiral honetarako. Arratsaldeko zazpietan izango da, Goen plazan, eta Kukai-Ttanttaka taldeak Oteizaren omenez prestatutako ikuskizuna eskainiko du. Amets Bide eta Urdaneta dantza taldeek ere parte hartuko dute ekitaldian.

Eskultura hori 98an inauguratu bazuten ere, hiru urte atzeragotik dator eskultura horren historia. 1995. urtean Gipuzkoako Aparejadore eta Arkitekto Teknikoen Elkargo Ofizialak Jorge Oteizaren “Conjuncion ternaria 1 sobre 2.Nikolas Lekuonari Omenaldia” deitutako eskultura eskuratu zuen. 1997. urtean, Oteizak berak aipatu zuen eskultura hori Ordizian jartzeko, hain zuzen ere Nikolas Lekuona aparejadore eta artistaren jaioterrian. Aparejadore Elkargoaren eta udalaren oniritzia jasota, Jorge Oteizak berak aukeratu zuen Goen Plaza bere eskultura kokatzeko, hain zuzen ere plaza horretako 2. zenbakian Jose Sarriegiren langela baitzegoen, eta hura izan zen 1934 urteko udan, Oteizaren eta Nikolas Lekuona artista ordiziarraren elkargunea.

Aparejadore Elkargoak lana ematen duenetik Ordizian lan horren eskala handitua kokatzen den arte, Jorge Oteizak beste bi ordiziar sartu nahi izan zituen omenaldian: Jose Sarriegi artista eta laguna, eta Maria Dolores Gonzalez Catarain Yoyes.  1998ko urtarrilaren 20an, Jorge Oteizak berak bere eskulturaren kokapen lanak zuzendu zituen. Inaugurazio ofiziala berriz, martxoaren 19an egin zuten. Egileak ezin izan zuen bertan izan, baina bai Lekuona, Sarriegi eta Yoyes-en etxekoak, Kulturako Foru Diputatua eta Juan Vicente Erauskin, garaiko Ordiziako alkatea.

Utzi ekarpen bat

*

*

Send this to friend