Ana Larrañaga Fitur Nazioarteko Turismo Azokaren zuzendariarena izan da aurten Idiazabal Gaztaren denboraldi berriari hasiera emateko ohorea izan duena. Zumaiarra bera, hogei urte daramatza Madrilen turismoari lotutako lanak gidatzen, eta 2001etik da Fiturreko zuzendaria. «Eskerrik asko. Poz handia da niretzat gaur hemen egotea. Ea orain plazan buelta bat emateko tartea hartzen dudan», izan dira Larrañagaren lehen hitzak. Gazta berria ebaki eta berehala honako esaldi borobila bota du, marketing mundua ondo baino hobeto ezagutzen duela erakutsiz: «Idiazabal, natura gazta bihurturik».
Ana Larrañaga Fitur Nazioarteko Turismo Azokaren zuzendariarena izan da aurten Idiazabal Gaztaren denboraldi berriari hasiera emateko ohorea izan duena. Zumaiarra bera, hogei urte daramatza Madrilen turismoari lotutako lanak gidatzen, eta 2001etik da Fiturreko zuzendaria. «Eskerrik asko. Poz handia da niretzat gaur hemen egotea. Ea orain plazan buelta bat emateko tartea hartzen dudan», izan dira Larrañagaren lehen hitzak. Gazta berria ebaki eta berehala honako esaldi borobila bota du, marketing mundua ondo baino hobeto ezagutzen duela erakutsiz: «Idiazabal, natura gazta bihurturik».
Ohi bezalako ekitaldi hotsandikoa egin zuten atzo ere Ordiziako udaletxean gazta berriaren denboraldiari hasiera emateko. Igor Eguren eta Ioritz Imaz Ordiziako eta Idiazabalgo alkateak, Martin Garitano Foru diputatua eta Jon Peli Uriguen Nekazaritza eta Landa garapenerako diputatua, eta Bittor Oroz Eusko Jaurlaritza Nekazaritza eta Landa Garapenerako sailburuordea izan dira aurten Ordizian izan diren agintariak, eta haiekin batera, hamaika sukaldari: Jose Juan Castillo, Atxen Jimenez, Andoni Luis Aduriz, Elena Arzak, Josean Eizmendi eta Jose Martinez Arija.
Haiekin batera, Ordiziako Idiazabal Gazta Kofradiako kideak, Idiazabal Jatorri Izendapeneko Jose Mari Uztarrotz lehendakaria eta Miriam Molina kudeatzailea, eta hainbat artzain ere izan ziren: Jon Etxebarria zeanuriarra zegoen haien artean, iazko gazta lehiaketaren irabazlea. Juanjo Aranburu, Jesus Ansola Mausitxa eta Joseba Intsausti ordiziarra ere han ziren, gerora erregulartasuna saria jaso zuen artzain gaztea. Hutsune nabarmen bat ere izan zen atzokoan, omenaldia jaso zuen Nestor Basterretxea eskultorea ezin izan baitzen Ordiziara inguratu gaixo dagoela eta.
Agintarien babesa artzainei
Agintarien artean Eguren izan zen hitza hartzen aurrena. Ekitaldira hurbildu ziren artzainei eskerrak emateaz gain, atzoko egunak haiek gabe «zentzurik ez» lukeela esan zuen. «Ordiziak asko zor dio gaztari, baina askoz ere gehiago artzaintzari, baina batez ere lehen sektoreari. Guretzako luxu bat da zuen produktua egunero gure artean izatea».
Bittor Orozek ekitaldian zegoen ordezkaritza zabalari egin zion erreferentzia, eta han bildutako guztiek «katea» osatzen dutela adierazi zuen, artzainak zoriondu ondoren. «Kate honek gauza asko egin ditzake, eta kate horretan Jaurlaritza bidelagun izango duzue». Martin Garitanok, berriz, Diputazioak lehen sektorearekiko duen konpromisoa berresteko baliatu zuen bere txanda. «Gazta bat ikusitakoan gure nortasuna mundura zabaltzen ari garela pentsatu behar dugu».
Erregulartasun sariak
Miriam Molina kudeatzailea arduratu zen Idiazabal sor-markaren barruan dauden gaztandegi eta artzainei ematen zaien erregulartasun sariei aipamena egiteaz. «Esnea da gure gaztaren lehengairik garrantzitsuena, eta esne gordinarekin lan egiteak zailago egitea du erregulartasuna mantentzea». Molinaren esanetan, iaz egindako dastatze ofizialek –hala iritzita aukeratutako gaztekin– erabakitzen dute zein diren aurtengo bi sarituak.
Ustiategi handien erregulartasun saria Arizkungo (Baztan, Nafarroa) Gorramendi kooperatibakoek jaso zuten Orozen eskutik. Molinaren arabera, baztandarrek «apustu handia» egiten dute kalitatearen alde. Belai markarekin merkaturatzen dute gazta. Artzainena, Joseba Intsaustik jaso zuen Garitanoren eskutik. «Mendiko artzaintzaren defendatzaile sutsua da Intsausti». Otatza izenpean merkaturatutako gaztak bigarren aldiz jaso du saria –2011n lehen aldiz–. Intsaustiren gazta dastatuz, eta ardoa eta txakolina edanez amaitu zen ekitaldia.
Gaiari lotuta:
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.