Presoen eskubideen aldarrikapenari eutsiko diola esan du Urretxuko Udalak
Urretxuko, Alegiako, Astigarragako eta Oiartzungo udaletxeei euskal presoak euskal herrira dioten kartelak eraikinetatik kentzeko agindu die Donostiako Administrazio Auzietako Epaitegiak, «neutraltasun politikoa» urratzen dutela argudiatuta. Udaletxeok aginduarekin ez datozela bat jakinarazi dute, atzo goizean Donostian egindako agerraldian.
Donostiako 1. Administrazioarekiko auzietako epaitegiak eman du agindua, bere iritziz «neutraltasun politikoa konprometitu», eta «ideologia zehatz baten alde» egiten dutelako. «Terrorismoaren biktimen duintasun eskubidea urratzea» ere egotzi diete udaletxe hauei.
Presoen eskubideen alde
Udalen iritziz errekurtsoa «onartezina» da, eta ez ditu objektibotasuna eta neutraltasuna kaltetzen. Atzo, Donostian egindako agerraldian hartu zuen parte Oihane Zabaleta Urretxuko alkateak, beste ordezkari politiko batzuekin batera. Bertan azaldu zutenez, udalak ez daude bat auzitegiaren erabakiarekin, «euskal presoen eskubideak aldarrikatzean gaur egunean indarrean dagoen legedia betetzea» besterik ez dutela egiten argudiatuz.
Bestalde, Carlos Urquijo Espainiako gobernu ordezkariaren jarrera ere salatu nahi izan zuten agerraldian. EH Bilduren iritziz, Urquijo «gobernu ordezkari gisa duen karguaz baliatzen ari da ez dagokion eremuan sartzeko, instituzioen autonomia zanpatzeko, eta ukazioaren eta immobilismoaren aldarrikapena egiteko». Horregatik Urquijo ordezkariari «presoen eskubideen mespretxutik konponbidearen aldeko jarrerak bultzatzeko» eskatu diote.
Amaitzeko, «euskal presoei dagozkien eskubideen errespetuaren aldarrikapenari eusteko» borondate politiko irmoa agertu du EH Bilduk. «Herritarren gehiengoak egiten duen aldarrikapenarekin» bat egiten dutela eta horiekiko konpromisoa mantenduko dutela esanez amaitu zuten.