Festa giroan dabiltza Itsasondon, Eskarabillan eta Arana-Bideluzen
Festarako aitzakiarik ez da falta asteburu honetan Goierrin. Urretxun Santa Anastasia jaietan murgilduta dabiltzan bezala; Itsasondon, Eskarabillan (Ordizia) eta Arana-Bideluzen (Beasain) ere festa asteburu bikaina dute honakoa.
Itsasondon, hain justu ere, atzo iluntzean eman zien hasiera herriko jaiei. Aurten lehenbiziko aldiz, gainera, txupinazo ofizialarekin. Herriko ikurra den pertsonaiari, ijitoari, plazan egin zioten harrera. Pregoia irakurriz eta suziria lehertuz hasi ziren festa nagusiak. Gaur goiz eresiarekin eman diote egunari hasiera eta eguerdian Ijittu Kirol Elkarteak antolatutako Beitiko igoera hasi artean plaza paella bazkarirako prestatzen aritu dira.
Arratsaldean Patxin eta Potxin pailazoen emanaldia izango da plazan (18:00etan) eta mozorro lehiaketako sari banaketa 20:00etan. Musika puntua Amaia DJak jarriko die festei; 19:30etik 21:00era eta 21:30etik 23:00etara arituko da. Iluntzeko bederatzietan ogitarteko jana egingo dute Ongizate lan taldeak antolatuta eta biltzen den dirua elikagaien bankura bideratuko da. Gaueko 23:30etik aurrera Atila y los Unos taldea arduratuko da festa gidatzeaz.
Gastronomia eta musika, Eskarabillan
Puntu puntuan ez, baina eguerdiko hamabietatik lauzpabost minutu geroxeago jaurti dute suziria Ordiziako Eskarabilla auzoan. Festa egitarauari hasiera atzo eman zioten arren, gaur eguerdian egin duten jaien hasiera iragartzeko ekitaldia. Burrunbazale txaranga arduratu da festa giroa jartzeaz. Buruhandi eta erraldoiak ere ibili dira Goierri eta Urdaneta kalean zehar, txikienen gozamenerako.
Patata tortila lehiaketari ekin diote 13:00etan eta oin lasterketa egingo dute arratsaldeko 17:00etan, ondoren txokolatada izango dute indarrak berreskuratzeko. Iluntzean berriro Burrunbazale txaranga ibiliko da kaleak alaitzen eta 20:00etan hartuko du lekukoa haurren danborradak. Zutik Dirau, SieteC eta Guri5 taldeen kontzertuak izango dira 23:30etik aurrera.
Egitarau betea Arana-Bideluzeko jaietan
Asteburu honetan festetan murgilduta dabiltza Beasaingo Arana-Bideluze auzoan ere. Eguerdian baxoerdi-edate herrikoiaren txanda izan da, eta arratsaldean Euskaraokea eta Diskotxikia izango dira txikienentzat. Gauean The Romanticos taldearen txanda izango da. Bihar ere jarraituko du festak Beasainen.