Beasain= Hirigintza/herrigintza
Aurreko igandean igo nintzen, beste behin, Usurbera Kortatik, eta txunditurik egon nintzen hango talaiatik gure herriari begira. Askotan galdetu diot neure buruari zer pentsatuko ote luketen duela 150 urte inguruko beasaindar haiek, talaia beretik begira, ordutik hona herriak izan duen garapenaz.
Herri erosoa dugu egun, behar adina zerbitzu eskaintzen dizkiena herritarrei zein eskualdeari. Beasain horrelakoa da gure aurrekoek ongi landu zituzten plangintzen ondorioz, eta ongi eginaren adibide dira Arriarango urtegia, Sasieta zabortegia, eskualdeko osasun-zentroa, Igartza-Dolarea gunea, ia herri osoa zeharkatzen duen “ardatz-parkea”, kiroldegia eta kirol-guneak, Gipuzkoa plaza, kale eta pasealekuak, etab.
Gogoratzen al duzue nolako arazoa zuen herriak urarekin Makinetxeko zundaketak edota Arriarango urtegia egin artean? Gogoratzen nola uzten genuen zaborra edozein lekutan zabor-ontzietan sailkatuta biltzen hasi ziren arte? Edota nolako arraildura sortzen zuen Indar “zaharrak” herri-gune nagusiaren eta Errekarte-Antzizar inguruaren artean?
90eko hamarkadan Igartzako jauregia, Dolarea eta errota bereganatu zituen Beasaingo Udalak, ausart jokatu zuen, eta herritarrei zerbitzu ematen dien eremu bihurtu zuten 2010. urtean. Antzerakoa gertatu zen Indar zaharra bota eta auzune berria eraikita, izan ere, oinezkoentzat eroso den etorbide batek lotu baitzuen zatituta zegoen herria. Era berean, garrantzitsua izan zen Ezkiaga auzoko birmoldaketa ere, hainbeste urtez izan ez zituen zerbitzuz doitu baitzen auzoa (frontoia, Oria pasealekua, parkea…)
Duela 35 urtetik hona ereindakoa ari da loratzen orain, eta nabarmena da herri zein eskualde ikuspegiz landutako plangintza haiek guztiek eragin dutela gaurko ongizatea.
Halako langintza amesten dut nire herrirako, herritarren beharrei erantzungo diena, denon artean eta herriarentzat egingo duguna. Gure aurrekoek egin zuten moduan, soseguz, etorkizuna pentsatzea dagokigu orain. Ez daukagu erronka makala!
Datozen belaunaldiei zor diegu herri lagunkoi bat, elkarbizitzarako eremu izango den herria; eta hori guztia lortzeko bidelagun beharko dugu izan hirigintza, izan ere, hirigintzak bideratzen baitu herri bat zerbitzuz janztea (plazak, parkeak, osasun-etxeak, eskolak …). Herritarrei zerbitzu emango dien hirigintza egin behar dugu, eta alde batera utzi behar genituzke argazki politak baino helburu ez dituzten eraikuntza-lan hutsalak. Askotan, ezer gutxi eginda lortzen dira emaitzarik onenak, Arana kalea biziberritzea adibidez; eta oinezkoentzat bihurtutako Kale Nagusiaren antzeko elkarbizitza-guneak sortzea behar genuke helburu.
Etorkizuneko Beasain pentsatu behar dugu, eta eraikitako guneak berrerabiltzea zein herriko tokirik irisgarrienetan eraikitzea behar genuke izan lehen aukera. Ez inolaz ere inguruko mendiak eraikinez betetzea! Gainera, aldatu egin dira familia ereduak zein egoera ekonomikoa, eta birpentsatu egin beharko dugu herrian nolako etxebizitzak behar ditugun.
Guztiona da herria, eta gure esku baino ez dago trabarik ez jartzea hala izaten jarrai dezan. Guztiona da, beraz, denon artean pentsatu behar dugun etorkizuneko Beasain; eta guztiok hartu beharko dugu parte lanketa horretan. Ez da berria herritarrek parte hartzea horrelako prozesuetan, aurretik ere hala egin izan dugu. Hori bera bermatzea dute helburu legeek, baina horregatik bakarrik egiteak ez luke ezertarako balio, garrantzitsua dela sinetsita egin behar dugu. Nik hala sinesten dut behintzat!
Izan zaitez parte-hartzaile aktibo zure/gure/denon herri hau egiten!