Lemoizko Andrakan idi dema polemikoa
Zaldibiako Igartzeta baserrian bizi guztian izan dugu idi parea, baserriko lanetarako. Aurten arte inoiz ez dugu idi demetan parte hartu. Duela bost urte, geure baserrian sortutako txahal txikiak hazi, idi bihurtu eta heztea erabaki genuen.
Idiak saiatuak eta bizkorrak zirela ikusirik, idi demetan probatzea erabaki genuen. Aurtengo urtean zehar hainbat dematan parte hartu dugu, eta emaitza oso onak lortu ere bai.
Urriaren 7an, Bizkaiko Andrakan Euskal Herriko 16 idi parerekin lehiatzeko aukera izan genuen. Izena eman, eta azkeneko txandan lehiatzea egokitu zitzaigun. Gure txanda iritsi aurretik, Bizkaiko Artazaren idi pareak zuen markarik onena, ordu erdiko denboran 65 plazarekin.
Gure txanda iritsi zenean, eta 50 plaza pasatxo eginak genituenean eta 68 plaza egiteko denbora erreferentziarekin genbiltzanean, Jose Maria Markaida epaileak gure idiak gerarazi eta idien lana baliogabetu egin zuen. Esplikazioak eskatu genizkionean, gure idiek simaur asko eta labainkorra egiten omen zutela, eta horrek dopinaren traza-edo omen zuela erantzun zigun. Zur eta lur geratu ginen.
Federazioaren albaitaria han zegoenez, gure idiei nahi zuten analisi eta proba guztiak egiteko eskatu eta erregutu genien, Jose Maria Markaida epaileari eta Bizkaiko Herri Kiroletako lehendakari Juan Migel Ranerori. Erabakia hartuta zegoela, eta beraz guk ikusteko zer egin erantzun ziguten, behin eta berriz.
Federazioaren albaitaria joan egin zen, eta telefonoz deitu genion azterketa egitera etor zedin eskatzeko asmoz. Telefonoa hartu orduko moztu egin zuen, eta berriro deitzen saiatu ginen arren, ez zuen berriz telefonorik hartu.
Azkenean, Santarderko albaitari bati deitu eta berak hartu zituen idien analisirako laginak, goizeko ordubiak inguruan. Hori guztia, guk eskatuta.
Laborategiko emaitzak eskuratu ditugu, eta nahi duenarentzat eskuragarri jarri nahi dugu.
Jasan dugun jarrerarekin minduta eta harrituta gaudenez, Bizkaiko eta Euskal Herriko Herri Kirol eta Jokoetako federazioei eskatzen diegu erantzun publiko eta argia, berehala.
Roman Elosegi Etxabe (fitxa zenbakia 1.517). Zaldibia.