Urretxu 1 taldea
Badoa aurrera Atera Goierriko herriarteko bertsolarien bertso txapelketa. Kanporaketa saioak jokatu dira aurreko asteetan, eta bertan lau talde sailkatu dira finaurreko saioetan aritzeko: Urretxu 1, Urretxu2, Gabiria 2 eta Ormaiztegi. Bihar eta datorren astean, bi finalaurreko saio izango dira, finala jokatuko duten bi taldeak aukeratzeko.
Bihar, Seguran egingo dute lehen finalaurreko saioa, Elorri elkartean, 23:30ean. Urretxu 1 (Asier Sasieta, Amaia Iturriotz eta Antton Fernandez) eta Gabiria 2 (Mikel Asurabarrena, Gorka Maiz eta Jokin Murua) taldeek abestuko dute bertan. Biharko saioan garaile ateratzen den taldea, berriz, finalera pasako da.
Datorren astean bertan izango da bigarren finalaurreko saioa ere, Urretxun. Ormaiztegi (Manex Mantxola, Iñaki Rezusta eta Beñat Hachen Baren) eta Urretxu 2 (Gorka Ojanguren, Beñat Torres eta Maialen Akizu) ariko dira bertan.
Gabiria 2 taldea
Finala azaroaren 14an
Finalaurreko bi saioetako talde irabazleek azaroaren 14an jokatuko dute Atera txapelketako finala, Zaldibiako herri antzokian. Orduan erabakiko da zein taldek irabaziko duen urrian Zegaman hasitako txapelketa.
Astez aste eta herriz herri, Goierriko 33 bertsozalek parte hartu dute Atera txapelketako kanporaketetan, 11 taldetan banatuta. Finalaurrekoetara lau talde baino ez dira igaro, baina saioetan sortutako giro ona da txapelketaren gakoa.