Gabiriako parrokiako ardura izan du Koldo Sarasolak azken 23 urteetan. Joan den igandean eman zuen azken meza bertan, eta herritarrek omenaldia egin zioten urte guzti hauetako lana eskertzeko asmotan.
Koldo Sarasola (Asteasu, 1928), 11 urte zituela joan zen Gabiriara, pasiotarren eskolara. 1952an egin zen apaiz, Deuston, eta han eta hemen ibili da ordutik, baita Hego Amerikan ere. Azken 40 urteak, ordea, Urretxuko Pagoetan igaro ditu, eta Gabiriako parrokiaren ardura izan du 1991z geroztik. Joan den igandean omenaldia egin zioten gabiriarrek, bere lana eskertzeko.
Nolatan etorri zinen Gabiriara 11 urterekin?
Lehengusu bat nuen han, eta osaba bat ere han izana. Beraz, pentsatzen dut familiako joerari edo jarraitu niola. Gero Angoston (Araba) egin genuen nobiziotza, eta hurrena, bertan, filosofiaren lehen urtea. Ondoren Galiziako Melide komentuan filosofia amaitu eta teologia hasi genuen, bi ikasturtez. Eta, azkenik, Deustoko gure komentuan amaitu genituen ikasketak, eta apaiz egin 1952an, Bilboko Santiago katedral berrian.
Eta berriro Gabiriara, irakasle.
1953an Gabiriara bidali ninduten, irakasle lanetara. Bi ikasturtez, historia, euskara eta latina irakatsi nituen. Lan handia egin genuen euskara bultzatzeko, esaterako, euskal atzizkiak eta aditza koadrotan sailkatuz. Hau guztia Luis Mari Larrarte lehengusuarekin batera burutu genuen, Gabirian hasi eta Euban (Bizkaia) jarraitu eta osatuz.
Soldadutzara joatea ere tokatu zitzaizun, ezta?
Euban irakasle nengoela bidali ninduten soldadutzara, 1960an, kapilau. Valladoliden (Espainia) egon nintzen lehenengo, hiru hilabetez, 900 soldadurekin. Hori aldaketa handia izan zen niretzat. Gero, berriz, Zamorara (Espainia). Han lasaiago egon nintzen, soldadu gutxiago baitziren.
Soldadutzatik bueltan, Hego Amerikara joan zinen.
Hala da. Pena handiz utzi nuen Euba, lan handia egiten ari baiginen han euskararekin. Dena den, oso oroitzapen onak ditut. Hamahiru urte egin nituen, erdiak Perun, eta beste erdiak Puerto Ricon. Oso harreman gozoak izan nituen han, eta duela sei urte Limara (Peru) bisitan joateko aukera izan nuen. Oso ondo hartu ninduten.
Eta noiztik zaude Urretxuko pasiotarrekin?
1975etik, Hego Amerikatik itzuli nintzenetik. Amari bromatan esan izan nion Francoren hiletara etorri nintzela, eta lehenago etortzea banuela esaten zidan. Urte askoan Aizpurutxo eta Aginaga auzoetako parrokien ardura izan dut, eta azken 23 urteetan Gabiriako parrokiarena ere bai. Hain zuzen, hiru parrokiotako elizak eraberritze lanetan saiatu beharra egokitu zitzaidan, halabeharrez, baina pozik eta baikor ekinez.
Jose Mari Iturberen ondorengoa izan zinen Gabirian.
1991n hil zen Iturbe, eta neuk hartu nuen parrokiaren ardura. 23 urte pasa dira ordutik, eta igandean eman nuen azkeneko meza Gabirian. Dena den, oraindik ere noizbehinka joango naiz, elizkizun batzuetan parte hartuz. Ez pentsa guztiz erretiratu naizenik.
Nolakoak izan dira 23 urte horiek?
Oso onak. Urte guzti hauetan ni onartu izana eskertzen diet gabiriarrei. Egia da mezara joaten den jende kopurua asko jaitsi dela, baina, hala ere, ez dut inoiz oztoporik izan. Duela urte batzuk, esaterako, eliza berritu genuen eta herritarrek asko lagundu zuten.
Eta zer moduz joan zen igandeko omenaldia?
Nik ez nekien zer zeukaten antolatuta, baina ezin hobeto joan zen. Elizan hasi ginen. Jesus Mari Iturriozekin batera eman nuen meza, bera izango baita nire ondorengoa. Abestu egin zidaten, organoa jo, aurreskua dantzatu… Nik ere abestu nituen bertso batzuk.
Bazkalduz jarraitu zenuten.
106 lagun ginen Korta jatetxean, pentsa! Bazkalondoren lau gabiriarrek bertsoak bota zizkidaten. Eta opari pila egin zidaten. Cardhu whisky botila oparitu zidaten, badakite gustatzen zaidala eta. Makila ere bai, oso ederra, hagina eta astigar zuriarekin egina, nire argazki eta guzti. Gainera, idatzita dauka: ‘Esker onez gabiriarrek’. Dena den, koadro eder batean jarritako eta guztion artean abestu genituen hiru bertso ederrek egin zidaten ilusio handiena, hor ikusten delako gabiriarrek didaten estimua.
Orain denbora libre gehiago izango duzu. Pentsatu duzu zer egin?
Lehenik eta behin nire gela hustu beharra daukat, laster beste etxe batera mugituko baigaituzte. 40 urtean traste asko pilatzen dira, eta ea eguberrietarako amaitzen dudan.
Amaitzeko, mendizaletasun handia izan omen duzu, ezta?
Mendian asko ibilia naiz. Urtero hartzen nuen astebete Erronkariko Izaba kuartel gisa nuela, hogeitaka urtez, inguruetako Pirinio tontorretara igoz. Adibidez, Auñamendira (2.506m) hamasei aldiz igo naiz, eta Hiru Erregeen Mahaira (2.438m) hamazazpi aldiz. Hain zuzen, gure apaizgintzako Urrezko Ezteiak ospatzeko, Euskal Herriko lurralde bakoitzean mendirik garaienak bisitatzea erabaki nuen. Hiru Erregeen Mahaiko gailurrean, ertzera baztertu, eta aurrean egunkari bat zabalduta –jendaurrean zertan ari nintzen disimulatzeko–, meza eman nuen, Jainkoari esker on egiteko.