Hitzetatik ekintzetara pasatzeko aukera
Orain bi aste eraman genuen Errekarte eremuko plangintza berria Beasaingo osoko bilkurara. Gure atsekaberako ez zen aurrera atera herritarrek eta guk nahi genuen proiektua. Dakizuen bezala, parte hartze prozesu bat burutu genuen eremu horretako antolaketaren inguruan. Lehendabizi, parte hartu zuten guztiei eskerrak eman nahi nizkieke, parte hartze prozesu oparoa izan zelako, jendeak gune horrekiko duen atxikimendua, desioak eta beharrak azaldu zituelako, eta orain arteko hirigintza egiteko modua aldatzea posible dela erakutsi zutelako.
Proiektuaren ildo nagusiak, baserriak mantentzea, gune berdeak eta erreka berreskuratzea eta etxebizitzen inpaktua gutxitzea izan dira besteak beste. Horrez gain, Errekarte baserria ekipamendu publikora bideratzea ere (inongo momentutan ez litzateke erosiko, baizik eta zesio bezala jasoko litzateke) erabaki zen prozesuan. Hirigintza jasangarrira eta egungo garai ekonomikoetara egokituriko proiektua da Errekarterako bai herritarrek eta baita guk ere babestu duguna, irabazleak herritarrak izanik, norbere irabazia bilatzen duten promotoreen aurretik.
Gaur egun, alderdi guztioi parte hartzeaz eta hirigintza jasangarriaz ahoak betetzen zaizkigu, baina, erabakiak hartzeko eta ekintzetara pasatzeko garaia heldu denean, ikusi dugu batzuk azken 30 urteetako bidetik jarraitzen dutela, herritarrek esandakoari jaramonik egin gabe eta gutxi batzuen interes ekonomikoak babestuz. Aukera ezin hobea izan dugu orain arte herrian egin dugun parte hartze prozesurik esanguratsuenetariko bati alderdiok gure babesa emateko eta hirigintza egiteko beste modu bat badela erakusteko, baina, batzuen aldetik, beste batean beharko du. Momentu horretan, ongi etorriak izango dira.
–Koldo Agirre. Beasaingo Alkatea.