Adrenoleukodistrofia duen Jon Marotok El Puro eskalatu du
Jon Maroto mendizale urretxuarrak Riglos (Huesca, Espainia) herriko El Puro mendia eskalatu du asteburuan. Marotok adrenoleukodistrofia du eta gurpildun aulkian joaten da alde batetik bestera, baina bere lagunen laguntzarekin mendizaleen artean ospe h...
Marotok 35 urte ditu eta eskalada munduan ibilbide polita osatu du. 2002an Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna zeneko mendi altuena igo zuen: Komunismo mendia. Alpeetan eta Andeetan ere egon da.
Duela hiru urte bere gaitzaren berri eman zioten, «burmuineko esklerosi bat», eta eskalatzeari utzi behar izan zion. Dena den, aurrera egiteko gogor borrokatzen ari da.
Bere ametsetako bat berriro eskalatzea zen eta aurreko asteburuan lortu zuen. Urretxuko eta Zumarragako 19 lagun joan ziren Riglosera eta Marotori El Puro pareta mitikoa igotzen lagundu zioten. «Lan zaila izan da. Lagunei esker lortu dut eta eskerrak eman nahi dizkiet», aipatu du urretxuarrak.
El Puro hormak 120 metroko altuera du eta Marotok gehitu du elbarri batek sekula ez duela tamaina horretako pareta bat igo.
Urretxuko mendizale honen hurrengo erronka Espainiako eski selekzioan sartzea da. Azaroko azken asteburuan egingo ditu probak, Baqueiran (Herrialde Katalanak). Eski eta snowboard probetan parte hartzeko asmoa du.
Osaba tabernan emanaldia
Lehenago, bihar bertan, Rigloseko El Puron egindako igoeraren eta esperientziaren inguruan grabatutako bideoa emango du Urretxuko Osaba tabernan. 19:30ean hasiko da emanaldia.