Segurarrak nagusi Gipuzkoako Bola eta Toka Egunean, Zerainen
Gipuzkoako bolariak eta tokalariak Zerainen bildu ziren atzo, urtero antolatzen den Gipuzkoako Bola eta Toka Egunean. Goizean txapelketak egin zituzten, eta 52 bolarik eta 26 tokalarik parte hartu zuten. Bi txapelketetan, segurarrak izan ziren lehenak....
Toka txapelketan, bestalde, lehen bi sailkatuek jaso zuten saria. Zarauzko Migel Illarramendik lortu zuen bigarren postua. Kopa bana eta dirua eman zizkieten bola eta toka txapelketetako irabazleei.
Bazkaria eta omenaldia
Eguerdian amaitu ziren txapelketak, 13:00 aldera. Euria goian behean egin arren, Zeraingo bolatokiko aterpean babestu ziren bolariak. Toka txapelketa, berriz, pilotalekuaren barruan jokatu zuten. Hala, parte hartzaileek gustura hartu zuten Oiharte sagardotegiko epela bazkaritarako orduan.
Oiharten 90 lagun inguru bildu ziren bazkaltzera, giro ederrean. Bazkalostean, berriz, goizeko txapelketetako sari banaketak egin zituzten, baita omenaldiak ere. Bi bolariri egin zieten omenaldia: Luis Aizpeolea zeraindarrari eta Jose Antonio Ugarteburu ezkiotarrari. Cecilio Amestoi tokalari errenteriarra ere omendu zuten. Plaka bana eman zieten omenduei.