Olentzeroren inguruko benetako errealitatea eta Burdinaren Harana ezagutzera emateko, ‘Badator Olentzero’ ekintza egiten dute hilabete honetan Legazpiko Mirandola burdinolan. Magiaz betetako ekintza da.
Olentzero menditik jaitsi eta Mirandaolako Burdinolan elkartu zen haur talde batekin. Argazkiak: Galilea
Nor da benetan Olentzero? Eta, zergatik ekartzen ditu opariak? Zergatik dago beti ikatzarekin zikinduta? Magiaz beteriko eguna izaten da askorentzat abenduaren 24a. Eta beste askorentza, abenduaren 25a, orduan irekitzen baitira Olentzerok ekarritako opariak. Baina, nork daki benetan nor den Olentzero? Legazpiko Mirandaolan ondo ezagutzen duten zein den benetan Olentzero, eta opariak egiteaz gain, urteko gainontzeko hilabeteetan zer egiten duen ere badakite.
Eta hori dena gipuzkoarrei jakinarazteko, eta Mirandaolako burdinola ezagutzera emateko, familiei eta ikastetxeei zuzenduta Badator Olentzero ekintza egiten dute abenduan zehar. Helburua argia da, Olentzeroren figura umeen artean zabaltzea, eta euskal pertsonaiak atzean ezkutatzen duen unibertsoa ezagutzera ematea. Eta dena, magia oinarri hartuta.
Olatz Conde Mirandaolako arduradunak kontatu duenez, abenduko «familia plana» burdinaren museoan hasten da. 3 eta 9 urte arteko umeei ipuin bat kontatuta hasten da ekintza, eta ondoren Olentzeroren lanbidearekin lotutako jolasak egiten dituzte. «Denok museoko harreran elkartzen gara, eta han bertan hasten da magia. Museoko erakusketa aretoko atea ireki behar da, eta horretarako hitz magikoak esan behar dituzte. Behin barruan, unibertso berri bat deskubritzen hasten dira, eta logikaren bidez, Olentzeroren inguruko errealitatea ezagutzen dute».
Olentzero, haur batekin hizketan
Olagizonen lana eta ikatza egiteko prozesua zein den ikasten dute planeko lehen zatian, eta hor ulertzen dute eta ikusten dute Olentzero zergatik agertzen den beti zikinduta: «Mendian ikatza egiten duelako. Umeek benetako ikatza ukitzen dute, zikindu egiten dira, eta orduan hasten dira gauzak ulertzen». Hala hasten dira txondorra ezagutzen, tartean, baita gurasoak ere.
Prozesu didaktikoaren ondoren, Olentzerok opariak zergatik banatzen dituen azaltzen diete umeei Mirandaolan, «eta harrituta geratzen dira, tailerrean ikusi dutena, eta beraiek ezagutzen dutena erlazionatuta daudelako». Eta orduan hasten da planaren bigarren zatia:burdinolara bidean olaneska batekin egingo dute topo –«berdintasunaren gaiari erreferentzia egiteko agertzen da olaneska, eta ez olagizona»–. Kezkatuta ikusiko dute umeek olaneska, «burdinola martxan jartzeko ikatza behar baitu, eta Olentzero ez baita inondik agertzen».
Halako batean, ordea, mendian behera nola datorren ikusiko dute, eta hor egiten du eztanda umeen ilusioak. «Urduri jartzen dira asko, bisitaren hasieran ez baitakite Olentzero benetan ikusiko dutela». Olentzerok burdinola martxan jartzen nola laguntzen duen ikusiko dute ondoren, eta burdinoletan nola lan egiten zen. Eta hortik aurrera, eskutitzak eta txupeteak jaso, umeekin hitz egin, eta beraien ilusio aurpegiak barneratu. Hori izaten da Olentzeroren egiteko nagusia Mirandaolako olagizonei eta neskei laguntzera jasiten denean.
Ordu beteko magia
Ordubeteko tartean, Burdinaren Haranak ezkutatzen dituen benetako sekretuak azaleratzen dituzte Mirandolan abenduan zehar. Izan ere, Olentzeroren aitzakian, familia asko burdinaren unibertsoan eta Euskal Herriko historiaren zati batean murgiltzen dira.
Eta Mirandaolan lortzen dutena benetan magikoa dela erakusten du jasotzen duten bisita kopuruak. Datozen bi asteburuetan eta hilaren 22an eta 23an 10:30ean hasi eta 17:30ak arte orduro egongo da planean parte hartzeko aukera. Aurrez ordua hartzea derrigorrezkoa da; horretarako 943 73 04 28 telefonora deitu behar da, edo mirandaola@lembur.com helbidera mezua bidali. Pertsonako bost euro ordaindu beharko da, eta umeek lepoan zapia eta buruan txapela eraman beharko dute.
Aurten, bi asteburutan, dagoeneko, ehunka bisitari izan dituzte Mirandaolan, «Euskal Herri guztitik iritsitakoak». Ekintza 3 eta 9 urte arteko umeei dago zuzenduta batez ere.