Prest dago Gabiriako herri lurretan bertako zuhaitzak landatzeko plangintza
Bost hektareako lurra du udalak Murgil mendi alboan, eta hango pinuak botako dituzte, arteak eta haritzak utziz. Aranzadirekin batera prestatu dute proiektua, eta udan hasiko dira lanekinHerriko lurretan bertako zuhaitz espezieak landatzea sustatu nahi...
Bost hektareako lurra du udalak Murgil mendi alboan, eta hango pinuak botako dituzte, arteak eta haritzak utziz. Aranzadirekin batera prestatu dute proiektua, eta udan hasiko dira lanekin
Herriko lurretan bertako zuhaitz espezieak landatzea sustatu nahi du Gabiriako Udalak, eta, horretarako, eredua emanez hastea erabaki dute. Murgil mendiaren alboan bost hektareako lurra du udalak, eta lursail horretako basoa bertako espeziekin osatzeko plangintza prestatu dute. Aranzadirekin elkarlanean prestatu dute proiektua, eta datorren uda aldera hasiko dituzte lanak.Lur horietan pinua, artea eta haritza landatu zituen udalak duela hamahiru bat urte. Arteari eta haritzari babesa emateko landatu zituzten pinu ilarak, gerora botatzeko asmoz. Ibon Elgarresta alkatearen hitzetan, ordea, proiektu horri ez zitzaion jarraipenik eman ondorengo urteetan, eta berriz ere ekitea erabaki dute orain.
Agenda 21eko bileretan sortu zen ideia. «Bertako espezieak bultzatzeko interesa ikusi genuen herritarren eta udalaren partetik, eta pentsatu genuen guri zegokigula lehen pausoa ematea», esan du Elgarrestak. Hala, Aranzadirekin jarri ziren harremanetan. Aurreko astean bertan jaso zuten Aranzadik proposatutako proiektua, aurrerantzean eman beharreko pausoekin.
Datorren uda aldera hasiko dituzte lanak. Aranzadiren argibideei jarraituz, eskuz garbituko dute lursaila. Pinu batzuk bota eta beste batzuk zutik utziko dituzte, babesa emateko. «Oraindik ez dugu erabaki botatako pinuak bertan utziko ditugun ala ez, ongarri modura». Hutsuneetan, berriz, haritz eta arte gehiago landatuko dituzte, osatzeko.
Oraindik oso gazteak dira lursail horretako zuhaitzak. Elgarrestaren hitzetan, «hemendik 30 urte ingurura eremu horretan artez eta haritzez osatutako baso ederra izatea da helburua». Ardantzako bidea, gainera, lursail horretatik pasatzen da. Gabiriar asko ibiltzen da bertan, paseoan, eta hemendik urte batzuetara basoa izango lukete alde banatan.
Gabiriarrek ere haien lurretan bertako zuhaitzak landatzea gustatuko litzaioke Gabiriako Udalari, eta hori sustatzeko zer egin pentsatzen ari dira. «Ez dakit diru laguntzen bidez edo beste moduren batera, baina garrantzitsua iruditzen zaigu hori bultzatzea», adierazi du Elgarrestak.
Herri batzarra ostiralean
Ostiralean egingo dute Gabirian urteroko herri batzarra, lan batzordeen eta udalaren erabakien berri emateko, eta datorren urterako asmoak azaltzeko. 18:00etan izango da, kultur etxean. Besteak beste, herrian autoen abiadura moteltzeko jarri dituzten semaforoen eta lorontzien inguruan hitz egingo da. Ostiralean jarri zituzten martxan semaforoak.