Amporen urteurreneko ekitaldian izan da Iñigo Urkullu lehendakaria
Jaurlaritzako, aldundiko eta beste hainbat instituziotako ordezkariek egin dute bisita Idiazabalgo lantegira. Ampo «euskal ekonomiaren erreferente» dela esan du UrkullukAurten 50. urteurrena ospatzen ari da Ampo kooperatiba. Horregatik, Idiazabalgo l...
Jaurlaritzako, aldundiko eta beste hainbat instituziotako ordezkariek egin dute bisita Idiazabalgo lantegira. Ampo «euskal ekonomiaren erreferente» dela esan du Urkulluk
Aurten 50. urteurrena ospatzen ari da Ampo kooperatiba. Horregatik, Idiazabalgo lantegian izan ziren atzo arratsaldean Iñigo Urkullu lehendakaria, Martin Garitano Ahaldun Nagusia eta beste hainbat instituziotako ordezkariak. Euria gogotik ari zuela, aurreskuarekin egin zieten ongi etorria lehendakariari eta gainontzeko gonbidatuei. Jarraian, Sormenaren Etxea eta galdategiak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuten.Jon Agirre Ampoko presidenteak berak erakutsi zien Sormenaren Etxeko museoa, kooperatibaren sorrera eta historia azalduz. «Hogeita bederatzi lagunekin hasi zen galdategia 1964an, eta etengabe handituz joan da», azaldu zuen Agirrek. 1971an Beasaingo Poyam enpresarekin bat egin zuen Ampok, eta balbulak ere egiten hasi ziren. Ordutik, nazioartera ere zabaldu da enpresa, Ner taldearen kide dira eta 2008an Euskadiko enpresa berritzaile onenaren saria ere jaso zuten.
Agirreren hitzetan, ordea, iraganari baino etorkizunari begiratzea tokatzen da orain. «Lanpostuak sortzen ditugu oraindik, eta hala jarraitu nahi dugu». Nazioartera zabaldu arren, bertakoari garrantzia ematen jarraituko dutela adierazi zuen Agirrek. «Kanpoan lehiakorrak izateak, hemen ere lehiakorrago egiten gaitu». Hala, Amporen gaur gaurko kezkak bertako elikadura, natura eta hezkuntza bultzatzea direla baieztatu zuen, «gizarte hobea eta enpresa lehiakorragoak egiteko».
Urkulluren zorion hitzak
Urkulluk, bestalde, zoriondu egin zuen kooperatiba, «berrikuntzan eta kudeaketan euskal ekonomiaren erreferentea» izateagatik. Horma batean idatzirik utzi zuen, gainera, bere mezua: «Ampo sormenetik berrikuntza, munduan hedatuz Euskal Herrian ondo egindakoa». Elkarlanaren garrantzia ere azpimarratu zuen lehendakariak, eta Eusko Jaurlaritzaren helburua kooperatibei laguntzea eta berrikuntzan inbertitzea dela baieztatu zuen.
Garitanok, berriz, Amporen antolaketa eredua goraipatu zuen. «Langileen parte hartzeak lorpen handiak ekartzen dituela erakutsi du Ampok», adierazi zuen. Hala, aginte hutsezko egitura bertikalak atzean utzi eta antolaketa ereduak berritzea ezinbestekotzat jo zuen. «Ampok ulertu du pertsonek izan behar dutela enpresa baten ardatza». Garitanoren esanetan, Gipuzkoan ere gero eta gehiago dira eredua aldatzen ari diren enpresak.
Urtean zehar hainbat ekitaldi egin ditu Ampok langileei, langileen familiei eta herritarrei begira. Atzokoa, berriz, instituzioei begirako ekitaldia izan zen. Bertan izan ziren, besteak beste, Arantza Tapia Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua, Ana Oregi Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua, Ioritz Imaz Idiazabalgo alkatea eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak.