Erosketak herrian egiteko, 'Oparitu Legazpi' kanpaina jarri du abian udalak
Udalaren webgunean, Youtuben eta UTBn merkatariek egindako iragarkia ikusi ahal da. Animatzaile batek egitasmoaren berri emango du eta puxikak eta itsasgarriak oparituko dituLegazpiko Udalak Oparitu Legazpi kanpaina abian jarri du herritarrak Gabonetak...
Udalaren webgunean, Youtuben eta UTBn merkatariek egindako iragarkia ikusi ahal da. Animatzaile batek egitasmoaren berri emango du eta puxikak eta itsasgarriak oparituko ditu
Legazpiko Udalak Oparitu Legazpi kanpaina abian jarri du herritarrak Gabonetako erosketak herrian egitera bultzatzeko. Merkatariek iragarki bat grabatu dute eta animatzaile batek kanpainaren berri emango du, eta puxikak eta itsasgarriak edo pegatinak oparituko ditu herriko dendetan. Kanpaina atzo eguerdian aurkeztu zuten kultur etxean. Ekitaldian, Rakel Puente Merkataritza zinegotziak eta Idoia Zubizarreta eta Nerea Garcia dendariek parte hartu zuten.Puentek kanpainaren arrazoiak azaldu zituen: «Gabonak opari gehien egiten den garaia da eta bertako merkataritza sustatu nahi dugu. Legazpiko merkatariek denetik saltzen dute, kalea alaitzen dute, herritarron arteko harremanak bultzatzen dituzte eta herriko familia askori lana ematen diete».
Oparietan jartzeko itsasgarriak eta haurrentzako puxikak oparituko dituztela eta iragarki bat grabatu dutela gehitu zuen.
Iragarkian sei dendatako merkatariak ageri dira: Idoia zapata-denda, Nahigo arropa-denda, Jokine lentzeria, Sustrai fruta-denda, Eder lentzeria eta MN ile-apaindegia.
Idoia zapata-dendako Idoia Zubizarretak eta Eder lentzeriako Nerea Garciak ere hitza hartu zuten. «Iragarkia grabatzea oso esperientzia polita izan da. Halako egitasmoak oso ondo daude zer saltzen dugun eta non gauden ezagutzera emateko. Erosketak Legazpin egitea sustatzeko, finean», aipatu zuen Zubizarretak. Garciak udalari eskerrak eman zizkion. «Geure burua iragartzeko eta Legazpin denetik eros daitekeela ezagutzera emateko aukera eman digu», esan zuen.
Egutegian, merkatariak
Bukatzeko, Legazpiko Udalak urte osoan zehar merkatariei laguntzen jarraituko duela jakinarazi zuen Puentek. Hala, udalak herriko merkatari beteranoei eskaini die 2015ko egutegia.
Ostiralean aurkeztu zuen. Urtarrilari dagokion argazkian Alustiza drogerikoak ageri dira, otsailekoan Urcelay oinetako-dendakoak, martxoan Fenoll farmaziakoak, apirilean Santa Cruz autoeskolakoak, maiatzean Nuñez mertzeriakoak, ekainean Laubide jatetxekoak, uztailean Alberdi jantzi-dendakoak, abuztuan gasolindegikoak, irailean Andere arropa-dendakoak, urrian Lorea jantzi-dendakoak, azaroan Laga tindategikoak eta abenduan Gurrutxaga tabernakoak. Argazkiak Josu Altzelaik egin ditu eta diseinua Attikok.