Musikak ere transmisioa behar du
Euskal musikaren historiaren 'lezioa' entzun dute Lazkaoko ikastolako eta Maizpideko ikasleek. Mikel Markezek eta Eñaut Elorrietak azken 50 urteetako ibilbidea errepasatu dute, Arerian.Nostalgiko jarri beharrik ez dago historiari daukan garrantzia ait...
Euskal musikaren historiaren ‘lezioa’ entzun dute Lazkaoko ikastolako eta Maizpideko ikasleek. Mikel Markezek eta Eñaut Elorrietak azken 50 urteetako ibilbidea errepasatu dute, Arerian.
Nostalgiko jarri beharrik ez dago historiari daukan garrantzia aitortzeko. Lehengoa hobea ala okerragoa zen baloratzen sartu gabe, zer izan zen jakitea beti da komenigarria, ordea. Baita euskal musikaren kasuan ere. Oraingo aireak ulertzeko, zer haizetatik datozen ikusiz gero, beti izango da errazago.Zeregin horretan ari dira hainbat musikari entzutetsu. Baga, Biga, Higa proiektua abian da, euskarazko musikaren transmisioa eta sustapena helburua hartuta. Musika da funtsa, baina multimedia eran aurkezten dute, batik bat haurrei eta ikastetxeetako ikasleei.
Aurreko asteazkenean Lazkaon izan zen Baga, Biga, Higa egitasmoko saio bat. Mikel Markez abeslaria (Errenteria, Gipuzkoa, 1971) eta Eñaut Elorrieta Ken Zazpi taldeko kidea (Gernika, Bizkaia, 1975) igo ziren Areria antzokiko oholtzara. Gitarra bana eskuetan hartuta, doinu eta abesti-letra ugari errepasatu zituzten, modu didaktikoan.
Musikaren historiari begia
Bi abeslariek euskal musikaren historiari astindua eman zioten. Hitzaldian batzuetan, kantuan besteetan, atzeko pantailan jarritako irudiak aipatuz zenbaitzuetan, mende erdiko ibilaldia egin zuten.
1960ko hamarkadaren aurreko euskal musikaren egoera gogoratuz hasi ziren. Eta, jarraian, harrezkero mugarri garrantzitsu suertatu diren fenomenoak, gertaerak, musikariak eta piezak hartu zituzten hizpide, gaur egunera artekoak.
Entzule, Lazkaoko bi ikastetxetako ikasleak izan zituzten: San Benito ikastolako Lehen Hezkuntzako 3. ziklokoak eta DBHko neska-mutilak batetik; eta Maizpide euskaltegian euskara ikasten ari diren pertsona helduak bestetik.
Emanaldi berezia Lazkaoko Udalak antolatu du. Abenduaren 3an ospatu zen Euskararen Nazioarteko Egunaren harira ekarri dituzte Markez eta Elorrieta, data horretatik astebete geroago bada ere.
Izan ere, denboran luzatzea bazen asmoetako bat. «Euskararen Egunean bertan behin eta berriro zabaldu zen Euskaraz 365 egun mezua. Eta lelo hori kontuan hartuta, Lazkaoko Udalak ekitaldi berezia antolatu du, San Benito ikastolako Euskaraz Bizi taldearen laguntzarekin», azaldu dute antolatzaileek.
Entzuten izan ziren ikasleek pozik jarraitu zituzten Elorrietaren eta Markezen esanak, doinuak eta musikak. Emanaldi «berezian» parte hartu izanaren aho-zaporearekin irten ziren. Euskal musika garaikidean bi ahots ospetsuk kontatu zien azken mende erdiko historia. Baga, biga, higa gera ez dadin, eta arma-ra irits dadin.