San Silbestre proba ez da Oriamendi kaletik pasako aurten, «estuegia» delako
Aurten ere txipa eraman beharko dute lasterkariek bosna euro ordainduz. 100 lagunek baino gehiagok eman dute izena, baina gehienek azken unean emango dutela espero dute antolatzaileekUrtea korrika amaituko dute aurten ere Beasainen. 41. aldiz ari dira ...
Aurten ere txipa eraman beharko dute lasterkariek bosna euro ordainduz. 100 lagunek baino gehiagok eman dute izena, baina gehienek azken unean emango dutela espero dute antolatzaileek
Urtea korrika amaituko dute aurten ere Beasainen. 41. aldiz ari dira antolatzen Beti-Bizi elkartekoak San Silbestre proba. Aurtengoan, aldaketekin, gainera: lasterketa ez da Oriamendi kaletik igaroko.«Norantza bakarrean dago orain Oriamendi, eta estuegia izan daitekeenaren beldur gara. Gainera, aurretik doazenak bigarren itzulian, atzetik doazenekin batera juntatzeko aukerak zeuden, eta badaezpada ere…». «Oriamenditik pasaz gero, trafikoa ere erabat itxi beharko litzateke, eta kale horretan dauden dendetarako sarrerak ere oztopatuta geratuko lirateke. Lorontzi hundi batzuk ere badaude orain, lasterkariek talka egiteko modukoak, espaloiak ere arriskutsuak izan daitezke… Arrazoi asko daude hortik ez pasatzeko», diote antolatzaileek.
Plazapetik hasiko da lasterketa. Hasieran plazatik hastea pentsatu bazuten ere, lasterkari batzuk hala gomendatuta «aldapan gerta daitezkeen erorketak eta saihesteko» behealdetik abiatzea erabaki dute.
Azken urteetan bezala, aurten ere txipa eraman beharko dute lasterkariek, eta horrek sortzen dituen gastuei aurre egiteko, partehartzaileek bosna euro ordaindu beharko dituzte izena ematerakoan.
Dagoeneko 100 lagunek baino gehiagok eman dute izena kirolprobak.com webgunean, eta 400-450 lagun ingurura iristea espero dute antolatzaileek, lasterketaren egunerako.
Geroz eta herritar gehiago
Beti-Bizikoen ustez azken urteetan asko igo da herritarren parte-hartzea San Silbestreko proba horretan: «Lehen Behobiara eta bai, jendetza joaten zen, baina proba honek ez duen hainbeste herritar erakartzen. Asko Ordiziakora ere joaten ziren. Orain, ordea, joera hori aldatzen ari dela ematen du, eta geroz eta herritar gehiagok parte hartzen du».
Kanpotik etortzekoak diren korrikalari ezagun batzuk ere bertan izango direla ziurtatu dute; tartean, iaz, lehen eta bigarren postuak lortu zituzten lasterkariak. Hala ere, jendeak azken unera arte ez duela izenik ematen diote Beti-Bizikoek. «San Silbestre proban aurrera xamar ibiltzen direnak, beste lasterkari onek zer egiten dutenaren zain egoten dira, beraiek beste batzuetara joan eta han irabazi ahal izateko», diote.
Gainera, Beasaingo lasterketa amaitu, eta beste San Silbestre batzuetan ere parte hartzen dute, irabazi eta dirutxo bat lortze aldera. «Behin, Beasaingoa amaitu eta Galdakaora ziren joatekoak bost lasterkari, eta lagun bati ez zioten autoan sartzen utzi, Galdakaon irabazteko aukerak zituelako», diote antolatzaileek. Patata frijitu poltsen ordez garaikurrak aldatu duenik ere izan da lasterketa horren amaieran.