Idiazabalen erosteko kanpaina abiatu dute udalak eta merkatariek
Herriko 37 establezimenduen informazioa jasotzen duen gida argitaratu dute. Idiazabalgo dendetan gastatzeko baleak eta bi lagunentzako asteburu bat zozkatuko dituzte erosleen arteanHerriko merkataritza sustatzeko kanpaina martxan jarri dute Idiazaba...
Herriko 37 establezimenduen informazioa jasotzen duen gida argitaratu dute.
Idiazabalgo dendetan gastatzeko baleak eta bi lagunentzako asteburu bat zozkatuko dituzte erosleen artean
Herriko merkataritza sustatzeko kanpaina martxan jarri dute Idiazabalgo Udalak eta herriko merkatariek. Idiazabaldarrek erosketak herrian egitea da kanpainaren helburu nagusia. Horretarako, herriko 37 establezimenduen informazioa jasotzen duen gida bat argitaratu dute, eta herritarren artean banatu dute. Horrez gain, urtarrilaren amaiera arte 10.000 boleto banatuko dituzte Idiazabalgo dendetan erosketak egiten dituztenen artean.
Urtarrilaren 31n zozketa egingo dute boleto guztien artean, eta hainbat sari irabazteko aukera izango da. Batetik, 50 euroko hamar erosketa bale zozkatuko dituzte, herriko dendetan gastatzeko. Bestetik, bi pertsonentzako asteburu bat zozkatuko dute Eltziegon (Araba). Idiazabalgo jaien egitarauaren barruan egingo dute zozketa.
Idiazabalgo turismo bulegoa arduratu da merkatarien gida egiteaz. Herriko establezimenduen fitxez gain, herrian bertan erosteko arrazoiak ere azaldu dituzte gidan. «Idiazabalen erostea ez da garestia», adierazi du Igor Zeberiok, Dendartean elkarteak egindako ikerketa batean oinarrituta. Bezeroek jasotzen duten arreta pertsonalizatua, kalitatezko produktuen salmenta eta inbertsioa ere aipatu ditu alde positiboen artean, herrian gastatutakoa herrian geratzen baita.
Jarraipena emateko asmoa
Kanpaina hau ekimen gehiagoren abiapuntua izatea nahi dute herriko merkatariek eta udalak. «Dinamika honekin jarraitu nahi dugu, gure herriko merkataritza mantentzeko, eta, ahal bada, negozio gehiago sortzeko», adierazi du Ioritz Imaz alkateak. Etorkizunean herrian merkatari elkarte bat sortzeko ideia ere badute.
Rakel Aldasorok herriko merkatari guztien izenean hitz egin du, eta gustura agertu da kanpainarekin. «Merkataritza da herriari bizia ematen diona, eta herritarrak merkataritza ahalbidetzen dutenak; jendea horretaz ohartzea nahi dugu», adierazi du.
Goierriko Merkatal Dinamizazio Bulegoarekin elkarlanean prestatu dute kanpaina. Gorka Goikoetxea bulegoko arduradunak merkataritzaren garrantzia azpimarratu du: « BPGren %10a da, eta enplegua sortzen du herrian». Bestetik, sektorea dinamizatzeko alor publikoaren eta pribatuaren arteko elkarlana beharrezkoa dela adierazi du, Idiazabalen gertatu bezala.