Nekazariek beren gaiak lantzeko azpiegitura sortuko dute Goizanen
Goierriko baserritarrentzat zerbitzu publikoa eskainiko die aldundiak. Lau ekoizpen eraldatzeko lineak izango ditu. Udaberrirako ipiniko dute tresneria, 472.000 eurorekinGoierriko nekazariek ekoizten dituzten hainbat produktu Zaldibiako Goizane eraikin...
Goierriko baserritarrentzat zerbitzu publikoa eskainiko die aldundiak. Lau ekoizpen eraldatzeko lineak izango ditu. Udaberrirako ipiniko dute tresneria, 472.000 eurorekin
Goierriko nekazariek ekoizten dituzten hainbat produktu Zaldibiako Goizane eraikineko eraldaketa gunean landu ahalko dituzte. Gipuzkoako Foru Aldundiak han jarriko du herrialdeko lehenengo zentroa, Mutrikukoarekin batera. Gipuzkoako sei landa garapen elkarteen eremu bakoitzean halako gune bat egitea da asmoa, sarea osatuz.Ekoizpen mota bakoitzarekin, transformazio-linea desberdinak muntatuko dituzte guneetan. Goierrikoan lau linea izango direla aurreratu du aldundiaren Landa Garapeneko zuzendari Koldo Lizarraldek: esnekientzat bat; erlezainek eztia eta propoleoa ateratzeko beste bat; fruta-zukuena; eta azkena barazkiena eta marmeladena.
Eraldaketa linea bakoitzerako zer tresneria eta prozesu behar diren zehaztu du aldundiak. «Ikusiko dugu eremu bakoitzean zer behar dagoen, eta horren arabera linea batzuk jarriko dira edo beste batzuk, baina beti eskaeraren arabera osatzeko aukerarekin», dio Lizarraldek.
Arduradun batek gidatuta
Zerbitzu publiko gisa funtzionatuko du eraldaketa guneak. Arduradun bat jarriko dute, hark kontrolatuko ditu prozesuak eta makinak. «Hark bermatuko du egiten diren lanketa guztien kontrola».
Baserritarrek, beren aldetik, formazio ikastaro bat jasoko dute Goizaneko azpiegitura erabili aurretik. «Bakoitzak bere produktuak gune horretara eraman, eta berak transformatuko ditu, arduradunaren kontrolpean. Era horretan, osasun erregistroekin eta berme guztiekin atera ahal izango ditu nekazariak bere gaiak merkatura».
Diputatuen Kontseiluak herenegun onartu zuen Zaldibiako eta Mutrikuko udalekin hitzarmen bana sinatzea, azpiegieturak hornitzeko. Udalek esleituko dute zerbitzua. «Gero balorazioa egin, eta makinariaz hornituko da. Hiru-lau bat hilabete kalkulatu dira horretarako», dio Lizarralde zuzendariak.
Goizaneko nekazaritza gaien transformazio guneak 472.000 euroko aurrekontua du, BEZa barne. Goierri guztiko baserritarrei emango die zerbitzua.
Baserritarrak eta gazteak
«Helburua baserritarrei autonomia bat ematea da, ekoizpen, eraldaketa eta merkaturatze prozesu guztia berak menperatzeko. Hutsune nabarmena zegoen hor. Sektoretik behin eta berriz planteatu izan da gaia, aspalditik, eta sekula ez zaio erantzunik eman. Jauzi bat egin behar dela ikusi dugu, eta lehenengo sektorearen alde benetako apustua egin», azaldu du Landa Garapeneko zuzendariak.
Ekoizle txikientzat dago pentsatuta zerbitzua. «Adibidez, uzta handiko garaietan, sobranteak dituztenean irtenbidea emateko». Kontserbatzeko prestatzeko ere balioko du guneak.
Bestetik, gazteak nekazaritzara erakartzeko edo hasi berriak direnei laguntzeko ere balioko du guneak, Lizarralderen arabera. «Gazte batek instalatu nahi duenean, inbertsio handirik egin gabe has daiteke merkatua lantzen eta produktuak ateratzen zerbitzu honen bidez. Formazio gisa ere balioko luke, probak egiteko aukera emango du, eta merkatua lantzeko».