Hasi da neguko merkealdia
Arropa eta oinetako dendek atzo eman zioten hasiera merkealdiari, eta dagoeneko ikus daitezke kartelak Goierriko dendetako erakuslehioetan. Jende gehiena astebururako animatzea espero dute merkatariek.Urtarrilaren zazpia egun seinalatua izaten da askor...
Arropa eta oinetako dendek atzo eman zioten hasiera merkealdiari, eta dagoeneko ikus daitezke kartelak Goierriko dendetako erakuslehioetan. Jende gehiena astebururako animatzea espero dute merkatariek.
Urtarrilaren zazpia egun seinalatua izaten da askorentzat, orduan hasten baita neguko merkealdia. Erakuslehioetan begiz jotako arropa eta oinetakoak prezio murriztuan erosteko aukera izango dute azkar ibiltzen direnek, eta merkealdiaren amaieran ere ziur badela salneurriak erakarrita beroki edo bota pareren bat erosten duenik, badaezpada. Goierriko dendetan ere merkealdia iragartzen duten kartelak ikus daitezke dagoeneko. Ordiziako Imana arropa dendako Ima Arregirekin eta Oskarbi oinetako dendetako Asier Gurrutxagarekin izan da GOIERRIKO HITZA, Gabonetako salmentez eta merkealdiaz hitz egiteko.Gabonetako salmentak ongi joan direla nabarmendu du Gurrutxagak. Eguraldi onak erosketak atzeratu ditu, gainera, eta abenduan salmentek gora egitea eragin du horrek. Aurreko urteekin alderatuz, berriz, jendea animatuago ikusi du: «Badirudi jendea hasi dela krisiaz gutxiago hitz egiten, eta kontsumoan nabari da hori». Hala ere, Gabonetan baino oinetako gehiago saltzen dute udaberri eta udazken hasieran.
Imana arropa dendaren kasuan, berriz, Gabonak lasaiak izan direla esan du Arregik. «Kontuak borobiltzea lortzen dugu, baina ez dago lehengo burrunbarik». Erosketak egiteko modua aldatu den heinean, herri txikietako dendak galtzen atera direla uste du Arregik, jendeak saltoki handietan eta internetez erosten duelako. Ordizian egoteak badu beste abantaila bat, ordea: astezkeneroko azoka. Atzo goizean jende ugari hurbildu zen Imanara. «Merkealdia oso oso ongi hasi dugu, ezin naiz kexatu», adierazi du Arregik.
Oskarbin, berriz, egun lasaia izan zuten atzo. «Lehenengo egunetan jendea ez da asko animatzen, Gabon jaiak oraindik oso gertu daudelako, baina asteburuan jendea hasiko da mugitzen». Gurrutxagaren esanetan, merkealdiaren lehen hamabostaldian saltzen dute gehien. Horren ostean salmentek behera egiten dute.
Produktu bakoitzari deskontu bat edo bestea ezartzen diete normalean dendariek. Hori da Oskarbiren kasua: %10 eta %50 bitarteko deskontuak jarri dituzte, produktuaren arabera. Badira beherapenak egiteko beste modu batzuk ere, ordea. Imanan, esaterako, %30eko deskontua ezartzen diete 80 euro bitarteko erosketei, eta %40koa 80 eurotik gorakoei. Erosketari aplikatzen diote deskontua, hortaz, eta ez produktuari.
Martxoaren amaiera arte iraungo du merkealdiak, eta bitarte horretan deskontuak aldatzen joango dira merkatariak, salmenten arabera. «Ahalik eta gehien saltzen saiatzen gara, eta batzuetan amaierarako arropa asko bere kostuaren azpitik saldu behar izaten dugu», esan du Arregik. «Biltegira sartzea baino hobe izaten da merke merke saltzea».
Merkealdian Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erosleek bataz beste 90 euro gastatuko dituztela kalkulatu du Espainiako Merkataritza Konfederazioak. Gurrutxaga eta Arregiren ustez, jendeak zentzuz erosten du, eta ez datoz bat merkealdian jendeak behar ez dituen produktuak erosten dituela esaten dutenekin. «Lehen, agian, kapritxo gehiago erosten ziren, baina orain gauzak aldatuta daude», esan du Arregik.
Prestaketa lan handia
Urtarrilaren 7rako dena prest izateko, aurreko egunetan buru belarri lan egin behar izaten dute dendariek. Produktu guztiak analizatzen dituzte, nolako salmentak izan dituzten ikusi, eta horren arabera deskontu bat edo bestea ezarri. «Gero dendako oinetako guztiak lekuz aldatzen ditugu, deskontuaren arabera ordenatzen baititugu», esan du Gurrutxagak. Eta produktu guztientzako etiketa berriak prestatzeak ere bere lana ematen du. Izan ere, merkealdian derrigorrezkoa da etiketetan lehengo eta oraingo prezioak jakinaraztea, baita ezarri zaion deskontua ere. «Astelehen gauean eta asteartean lan egin behar izan genuen, baina merkealdiak konpentsatzen du lan hori».
Imanan ez dute hainbesteko lanik izaten merkealdiaren aurretik. Deskontuak ez dituztenez arropaz arropa ezartzen, ez dute lanik izaten etiketa guztiak aldatzen. «Dena den, eguberrietako dekorazioa kendu eta erakuslehioa jartzen izaten dugu nahikoa lan», esan du Arregik.
Gabonetako eskaintzak
Gaur egun, merkealdiari itxaron gabe, deskontuak eta eskaintza bereziak egiten dituzte komertzio askok urteko beste garai batzuetan, esaterako, Gabonetan. Normalean, ordea, deskontu horiek produktu jakin batzuei baino ez zaizkie ezartzen, eta ez dendako salgai guztiei. Oskarbiren kasuan, gutxi saltzen ari diren oinetakoei ezartzen diete deskontua Gabonetako eskaintzan.
Imanaren kasuan, berriz, Arregik ez du deskonturik jartzen merkealdiaren aurretik. «Iruditzen zait aurretik deskontuak jarriz gero, jendeak merkealdirako ilusioa galdu egiten duela». Hori dela eta, beste modu batzuetara saiatzen da Gabonetako salmentak sustatzen. Esaterako, 300 euroko lau bale zozkatu ditu abenduan erosleen artean, dendan bertan gastatzeko. «Ahal dudan bitartean horrela eutsiko diot, burugogor, baina egia da denda gehienek jartzen dituztela deskontuak».