«Nire helburua yogaren bidez jendeari laguntzea da»

Ana Gisasola zumarragarrak ‘La fuerza está en tu interior’ liburua aurkeztuko du bihar, 19:00etan, Legazpiko kultur etxean. Liburuan, osasun fisiko eta emozional hobea edukitzeko aholkuak ematen ditu.

Nolatan erabaki duzu liburu bat idaztea?

Bi urterekin poliomielitisa izan nuen eta ia bi urte eman nituen ibili gabe. Pixkanaka, paretei eutsita, ibiltzea lortu nuen. Duela bederatzi urte, berriz, post-polio sindromea diagnostikatu zidaten. Horrek, berriro neurona asko hilko zitzaizkidala eta beherakada izango nuela esan nahi zuen. Balioezintasuna eman zidaten eta lan egiteari utzi nion. Ikastaroak egiteari ekin nion: terapia alternatiboak, shiatsu, yoga irakasle izateko ikastaroa… Titulua lortzeko tesia egin behar zen. Nik yogak polioari aurre egiten nola lagundu didan azaldu nuen eta maisuak lana argitaratzeko esan zidan.

Gogorra izan al da tesiari liburu forma ematea?

Bai, baina zorte handia izan dut: iaz Indiara joan nintzen eta handik indarrez gainezka itzuli nintzen.

Zer esan dezakezu liburuaz?

Lan tresna bat da. Bere helburua yogaren bitartez jendeari laguntzea da. Ez dut posturen berri bakarrik ematen, baita arnasketaren, meditazioaren eta liberazio emozionalaren berri ere.

Zergatik aurkeztu behar duzu Legazpin?

Igeri egitera bertara joaten naiz eta hango jendearekin harreman oso ona dut. Bestalde, hilaren 23an, 19:00etan, Ormaiztegin aurkeztuko dut: udaletxe azpiko lokalean, hain zuzen ere. Hilaren 29an Logroñon aurkeztuko dut eta otsailaren 6an, berriz, Tafallan. Liburua Urretxuko Txilarra dendan eta anagisasola.com webgunean ere eskura daiteke.

Zer eman dizute zuri yogak eta gainontzeko diziplinek?

Erreminta asko eman dizkidate. Gainera, beti bi zentimetroko takoiarekin ibili naiz, hanka bat bestea baino motzagoa dudalako, eta egun ez dut takoirik eramaten. Bestalde, indar gehiago dut. Tabernako azken urteetan erori egiten nintzen. Post-polio sindromea diagnostikatu zidatenean, neurologoak bospasei urtetan gurpildun aulkian egongo nintzela esan zidan. Ezetz erantzun nion. Hala suertatu da.

Zer egiten duzu gaixotasunari aurre egiteko?

Egunero, yoga, igeriketa eta meditazioa egiten ditut. Meditazioa oso garrantzitsua da. Burua bere tokian ez badugu, joan egiten zaigu eta normalean zulora eramaten gaitu.

Teknika hauek gure gizartean geroz eta ezagunagoak dira, baina tradizionalki ez gara gauza hauen oso zaleak izan.

Hala da. Oraindik asko dugu ikasteko. Toki guztietara ikasteko prest joan behar gara, jarrera egokiarekin. Egia esan, nahiko itxiak gara. Dena den, denak ez du denontzat balio. Bakoitzak berea bilatu behar du. Batzuk mendira joaten dira estresa kentzeko. Mesede egiten diguna topatzen dugunean, eutsi egin behar diogu. Izan ere, egungo bizimodua oso azkarra da eta askotan ez gara gertatzen ari zaigunaz eta sentitzen dugunaz jabetzen.

Zure gaitzak, beharbada, irekiagoa izaten lagundu dizu.

Hala da. Gaitzak nire izaera baldintzatu du. Gauza asko besteek egiten dituzten moduan egin ezin ditudanez, egiteko beste modu batzuk aurkitu behar ditut. Sekula ez naiz saiatu gabe gelditu. Horrek guztiak pertsona irekia izaten lagundu dit.

Nola hartu zenuen polioa?

Bi enpresa farmazeutikok sekulako gerra zuten boterea lortzeko eta bakoitzak polioaren aurkako bakuna bat atera zuen. Askori, bakunak berak eragin zigun polioa.

Haur batentzat ez zen batere erraza izango halako gaitz bati aurre egitea.

Bai, baina beti aurrera egiteko joera izan dut. Dena den, nerabezaroan gogorra izan zen. Egun, ia-ia, eskerrak eman behar dizkiot gaitzari. Berari esker, beste ahalmen batzuk garatu ditut eta baloreei garrantzia handia ematen diet. Ahulak defendatzeko joera izan dut umetatik.

Zer ikasi zenuen?

Administraritza ikasi nuen. Horretan lan egin nuen, 1980an Motz taberna ireki nuen arte. Urretxuko lehen taberna berezia izan zen. Ondoren, taberna utzi nuen eta hainbat enpresatan lan egin nuen. Tabernak behera egin zuen eta berriro hartzea erabaki nuen. Post-polio sindromea diagnostikatu zidatenean, taberna saldu nuen eta bide hau hartu nuen.

Zer asmo dituzu etorkizunerako?

Terapeuta naiz. Arlo fisikoa eta emozionala lantzen dut pazienteekin. Etorkizunera begira, tailerrak eman nahi ditut. Hau guztia hasiera da eta ez dakit nora eramango nauen, baina oso gustura nago. Duela urtebete liburu bat idatzi behar nuela esan balidate, ez nuen sinistuko.

Send this to friend