Euskarak ere badu bere aldizkari 'saretirikoa'
Charlie Hebdo aldizkari satirikoaren kontrako erasoak mundu osoa aztoratu zuen, eta nola ez, baita marrazkilari eta ilustratzaileena ere. Gertakari haien harira, Asisko Urmeneta, Marc Armspach Marko eta Patxi Uharte Zaldieroa marrazkilariak elkartu zituen Berria egunkariak, erreportaje bat egiteko. Elkartze hartatik sortu zen euskarazko aldizkari satiriko bat egitearen ideia. Esan eta egin.
Euskal Herrian badira eta izan dira hainbat aldizkari satiriko, baina bakar bat ere ez euskaraz argitaratzen zenik. H28 aldizkari ‘saretirikoak’ beteko du hutsune hori. Momentuz sarean zabalduko dute, issuu.com plataformaren bidez. Hilero aterako da, hilaren 28an. Hortik dator agerkariaren izena; hortik eta «azido moduko baten formula ere badelako».
Dagoeneko igo dute aurreneko zenbakia sarera. Dohakoa izango da eta sare sozialen bidez ere zabalduko dute.