Kintopetik aterata ere, irabazten
Roman Elosegi idizale zaldibiarrak hazitako idi pareak 11 manta pare irabazi ditu iaz, plazan debuta egindako urtean. Kintopekoetatik irten dira jada, baina Debako dema ere irabazi dute.Plazetan ezezagun erabatekoak ziren Roman Elosegi Zaharra zaldibia...
Roman Elosegi idizale zaldibiarrak hazitako idi pareak 11 manta pare irabazi ditu iaz, plazan debuta egindako urtean. Kintopekoetatik irten dira jada, baina Debako dema ere irabazi dute.
Plazetan ezezagun erabatekoak ziren Roman Elosegi Zaharra zaldibiarra eta bere idi parea, duela urtebete. Harrezkero, ordea, marka ugari hautsi dituzte, dema asko irabazi, eta harridura sortzerainoko tira-lanak egin. Tartean akusazio makurrak jasan dituzten arren (proba bat bertan behera utzarazteraino), analisiekin eta hurrengo probetan atzera erakustaldia eginez erantzun dute.Izenik ere ez zeukaten Elosegiren idiek (ez du ohiturarik jartzeko), harik eta jendeak galdetzearen galdetzeaz, jarri dien arte: Sortu eta Bildu. Gabon aurretxoan zortzi urte bete zituzten. Terreña arrazakoak dira. «Gaztelu mendiaren atzean jaio zen hau, zutik egoterik ez dagoen malkarrean. Hori, goraxeago», dio Elosegik, idiak adieraziz.
Plazan iaz egin zuten debuta, eta, horrenbestez, abenduaren 31ra arte kintopekoak izan dira idiak (debuteko urteari deitzen zaio hala). Urteberri egunez galdu zuten baldintza hori. 2014an 11 manta pare irabazi zituzten, desafio eta apustu sonatuetan.
Kintopekoetatik irten arren, lehengo burutik dituzte adarrak. Deban, urtarrilaren 7an, Eguberrietako 39. Idi Probak irabazi dituzte. Olidenek jarritako 56 plazako marka gainditu zuten, 2,5 metro gehiagorekin bakarrik.
«Idi hauek ez dira gelditzen. Konporta artzain lagunak esaten dit, Aralarren esnea edandakoarekin argi ibili beharra dagoela. Hor esnea edanda daudelako izango da», dio Elosegik.
Idi zaharragoekin orain
Debutarien mailatik gorako jauzia hanka onarekin egin dute Zaharraren idiek. Kintopekoak kintopekoekin bakarrik probatzen dira. Orain, ordea, «plaza zailagoak eta harri handixeagoak» izango dituzte zain. «Aurreko urteetan kintopekotik irtendako inor ez da ibili. Hauek egurra eman dute Deban ere».
Elosegik aitortu du idizaleen munduan inork ezin duela sinistu bere idien ahala. «Sinistekoa ere ez da izango, sobrare. Denetan, gainera, izugarrizko markak egin dituzte, joandako toki guztietan. Eskuetatik ehun idi pare pasatu beharra dagoela esaten dute, halakoak ateratzeko. Nik aurrenekoa dut», bota du, ezaugarri duen umore ukituarekin.
Txiki-txikitatik idiak elkarrekin dabiltzala dio itzainak. «Hamar hilabete zituztenetik batera daude. Hor egongo da aldea. Batzuek lau urteko idia ekartzen dute ez dakit nondik, eta bereari erantsi. Hori berdina izango al da?», ebatzi du.
Idi bakoitzak bere izaera du, bikotean ere: ezkerrekoa «dinamita» da, aurrera «jo» egiten du. Eta eskuinekoa «tontoa», bestea doan lekura «joan» egiten da.
Bigarren parea, ia prest
Idi pare ospetsuak beste lau-bat urte oso onak eman ditzakeela aurreratu du Elosegik, «hilean proba bat» jarrita. «Noski, astero plazara botaz gero ez. Zaindu egin behar dira».
Ukuiluan ordezko parea zain dute dagoeneko. Bat, senidea gainera. Hamalau hilabete gazteagoak dira. «Hemendik hilabete pare baterako jo behar dugu apusturen bat horiekin. Plazan dabilen parea oso ona daukat; bigarrena hobea daukadala esaten diot jendeari. Ez didate sinisten», bota du, barrea eraginez.
Bien bitartean, probalekuetako hauteskundeetan inork gain hartu arte, gelditzeko asmorik ez dute Bildu eta Sortu idiek.