Parte hartze soila baino gehiago da elkarlana
Poza ematen digu parte-hartzerako deia Bilduk hainbesteko indarrez egiteak. Dei hori gizartean errotzea desio dugu, eta ez genuke nahi hori propaganda hutsean geratzea. Ez lirateke parte-hartzearen babesean justifikatu behar gutxi batzuen ondorioak askoren edoherri osoaren izenean erabakiak hartzeko.
Behar beharrezkoak dira parte-hartzea eta elkarlana herritarrak gerturatzeko, kudeaketa publikoan konpromisoa hartzeko eta politikaren egunerokoa duintzeko; hala jasotzen du 2009an aldundiak onartutako partaidetzarako Foru arauak.
Behetik gora landu behar dira parte hartze prozesuak, herri osoa irudikatuko duten pertsona anitzek hartu beharko dute parte, adin tarte desberdineko jendeak, auzo guztietakoek, gizarte-eragileek, alderdi politikoek, perfil teknikoa dutenek… Aurretik ongi zehaztutako eta adostutako metodologia batek zuzenduta egin beharko dute aurrera, eta kontsentsuz onartua beharko du izan aurretik.
Abiapuntu horrekin sortuko da eztabaida, eta handik aterako dira ondorioak, elkarlanerako baldintza errealak eta eraginkorrak bideratzen baititu lanerako modu horrek.
Ez da kontu berria parte hartzearena; eta gero eta sakonagoak dira azken urteotan horrelako lanketak, demokrazia soziala berrindartzeko lanabes gisa erabiltzen direnak.
Badira zenbait aurrekari Beasainen, lau gutxienez 2007-2011 legegintzaldian. Hala ere, ez da mugatzen parte-hartzea arlo instituzionalera, eta horrelako hamaika adibide ditugu herrian: eskola-kirolean murgiltzen diren gurasoak, hainbat kirol-diziplinatan entrenatzaile eta formatzaile direnak, kirol proben antolakuntzan diharduten boluntarioak (ehunmilak, San Silbestrea …); Cáritasi, elikadura bankuari… ahalegin guztia eskaintzen dieten boluntarioak, edota minusbaliotasunen bat duten pertsonekin lanean dihardutenak (Aspace, Txolarte …). Oihartzun handiegirik sortu gabe, inolako irabazi-asmorik gabe, guztiz garrantzitsua den funtzio soziala betetzeko lanean diharduten norbanakoak dira.
Beasaingo pertsona aktiboak dira, parte-hartze soilarekin konformatzen ez direnak. Elkarlanean diharduten pertsonak dira, eta horregatik egingo dugu ahalegin berezia gure herrian hain sustraitua dagoen elkarlana indartzeko.
Aitor Aldasoro Iturbe. Beasaingo EAJ.