Txertoen egutegia aldatuta dator
Haurren txerto egutegiaren barruan sartuko dute Prevenar irailetik aurrera, papiloma prebenitzeko txertoa aurreratuko dute eta kukurruku-eztularena haurdunaldian jarriko dute.Haurren txertoen gaiak eztabaida sortzen duen arren, Zumarragako Osasun Zentr...
Haurren txerto egutegiaren barruan sartuko dute Prevenar irailetik aurrera, papiloma prebenitzeko txertoa aurreratuko dute eta kukurruku-eztularena haurdunaldian jarriko dute.
Haurren txertoen gaiak eztabaida sortzen duen arren, Zumarragako Osasun Zentroko pediatria saileko erizainek gurasoen %98k Osakidetzak emandako egutegia bere horretan jarraitzen dutela diote. Ehuneko horretatik kanpo daude beren seme-alabei txertorik ipintzen ez dieten gurasoak, egutegiko txertoez gain gomendatutako beste guztiak jartzen dituztenak eta egutegia bere horretan jarraitu baino nahierako egutegia eskatzen duten gurasoak. Osakidetzak egutegian aldaketak iragarri berri ditu. Orain artean egutegitik kanpo egon den Prevenar txertoa sartu, eta bere gain hartuko du gastua irailetik aurrera. Ez da egutegiak dakarren aldaketa bakarra.
Resu Perez de Arenaza Zumarragako Osasun Zentroko arduradunak txerto bat zer den azaldu du lehenengo eta behin: «Txertoa bizirik dagoen ahuldutako birusa da. Gure immunologia-sistemak birusa kanpotik datorrela jabetu eta gaixotasun bera balitz bezala erantzuten du. Alegia, antigorputzak sortu bai, baina gaixotasuna eragiteko indarrik ez du». Antigorputz horiek luzaroan iraun dezakete gorputzean; areago, betirako irauten duten txertoak badaude.
Txertoen egutegian aldaketak egiten dira epidemiologia azterketen ondoren, hala txertoetan nola dosietan. Hori dela eta, sarri aldaketak gertatzen dira egutegietan.
Prevenar txertoa orain artean hautazkoa zen. Aitzitik, irailetik aurrera egutegian sartuko dute. Ordura arte, pneumococoaren kontrako txerto hau beren seme-alabei jarri nahi dieten gurasoek beren gain hartu beharko dute txertoaren 200 eurotik gorako gastua. Salo Aranburu Zumarragako Osasun Zentroko pediatriako erizainaren hitzetan, «txerto honek 13 pneumococo birus mota hartzen ditu eta txertoa hautazkoa denetik frogatu dute saihesten dituen gaixotasunen kopuruak nahiz haien larriak behera egin dutela».
Txertoak pneumonia batzuk, otitisak eta pneumococoak eragindako meningitisa prebenitzen ditu, ustez. Prevenar txertoaren dosia ere aldatu, eta lautik hirura jaitsiko dute. Karmele Elgarresta Zumarragako Osasun Zentroko pediatria erizainak azaldu du zergatik: «Gero eta haur gehiagori jarriz gero, orduan eta dosi txikiagoa behar da pertsona gehiago babestuta dagoelako».
Kukurruku-eztula
Emakumezkoen umetoki minbizia saihesteko papiloma txertoa ikasturte bat aurreratuko dute egutegian eta lehen hezkuntzako seigarren mailan emango dute. Beste aldaketa kukurruku-eztularen txertoan egingo dute. Orain, jaioberriei bi hilabete dituztenean jartzen zaie, eta tarte horretan gaixotasunak eragin ez diezaien, txertoa emakumezkoei haurdunaldiaren amaieran jarriko diete aurrerantzean. Edozein kasutan, osasungintzako hiru profesional hauek aho batez diote ez dutela oraindik egutegi aldaketen gaineko informazio handirik, «komunikabideetan azkar zabaltzen den arren, guk ez daukagu informazio asko».
Osasun zentroan txerto aukeren berri ematen diete gurasoei. Txertoak ez ipintzearen aukeran gorako joera txiki bat sumatu dute. Aranburuk dioenez, «guk azalpenak eman, eta errespetatu egiten dugu gurasoen nahia».