Gaur da lehen opera emanaldia Usurbe antzokian
Beasaingo eta Ordiziako udalek antolatutako Antzerki Garaia egitasmoaren barruan gaur emango dute lehen opera emanaldia. Andrea Chenier lana izango da, Londresko Royal Opera Housetik zuzenean.Umberto Giordano konpositorearen obrarik onena da Andrea Che...
Umberto Giordano konpositorearen obrarik onena da Andrea Chenier, 1896an idatzitakoa. Poeta frantsesaren azken urteen kontaketa da opera, 1794an gilotinan hil egin baitzuten.
Ospe handiko lana da eta obraren barruan Maria Callasen ariarik gustukoena abesten du Chenierren maitaleak: La mama morta. Chenierren paperan ari den protagonistak ere beste hiru aria abesten ditu.
Giordanoren lana oinarri hartuta David McVicar zuzendariak «produkzio ikusgarria» egin du, adituen arabera, eta 1985az geroztik estreineko aldiz emango du Royal Opera Housek. Zuzendari berak Rigoletto eta Les Troyens lanak ere eraman ditu Londreseko opera entzutetsura.
Opera sustatzeko
Goierriko bi udalek urteak daramatzate urtero Antzerki Garaia antolatzen, baina aurten beste pauso ematea erabaki dute, eta Beasaingo Usurbe antzokian eta Ordiziako Herri Antzokian zuzeneko opera emanaldiak antolatu dituzte.
Lehena izango da Andrea Chenier, gaur, 20:15ean, Usurbe antzokian, Beasainen. Sarrera 13 euro kostako da. Zikloaren barruan, guztira bost opera eta ballet bat ikusi ahal izango dira bi antzokietan. Gaurkoaren ondoren iritsiko dira Holandar noragabea, Zisneen aintzira, Mahagonny, La fille mal gardee, La Boheme.
Emanaldiak egin ahal izateko eta seinalea jaso ahal izateko, antena eta deskodegailu bana jarri dituzte bi herrietako antzokietan. Txandaka, hilabetero izango da emanaldi bakoitza, gaur hasi eta ekainera bitartean, antzoki bakoitzean hiruna emanaldi.
Antzerki Garaiaren helburua «antzerki errepresentazioetara joateko ohitura galdu duen publikoa berreskuratzea» eta «publiko berria erakartzea» dira. Aurtengorako zortzi antzerki emanaldi prestatu dituzte, horietatik sei euskaraz.