21-Pko igogailua egiteko lizitazioa abiatuko du Ordiziako Udalak
Aurreikuspenen arabera obrak martxoan hastea espero dute. Goierri eta Urdaneta lotuko ditu. Lukal hutsak erabilgarri jartzeko neurriak ere iragarri dituzteIrisgarritasunari eta mugikortasunari dagokionez, aurten Ordiziako Udalak garatuko duen proiektu ...
Aurreikuspenen arabera obrak martxoan hastea espero dute. Goierri eta Urdaneta lotuko ditu. Lukal hutsak erabilgarri jartzeko neurriak ere iragarri dituzte
Irisgarritasunari eta mugikortasunari dagokionez, aurten Ordiziako Udalak garatuko duen proiektu garrantzitsuenetako bat izango da Goierri Kaletik Urdanetaraino igoko den 21-Pko igogailuarena. Oinarrizko aurrekontua 107.241 eurokoa izango da eta aurreikuspenen arabera otsailean esleitu eta martxoan hasiko dituzte lanak.Prentsaurrean iragarri zuten atzo Igor Eguren alkateak eta Iban Asenjo zinegotziak lizitazio prozesua datorren astean abiatuko dutela. Mugikortasun Planean finkatu zuten oinezkoei lehentasuna ematea eta hobetzekoen artean ikusi zuten igogailuaren beharra.
Egurenek azaldu zuen aurreko legegintzaldian aurreikusi zela Joseba Rezolatik Kale Nagusirainoko desnibel horri irtenbidea jartzea. Duela lau urte, baina, lehen proposamena egin zutenean desadostasun handia sumatu zutela zioen: «Azterketak eta denborak erakutsi du egin beharrekoa dela».
Joan den urrian jaso zuten igogailua egiteko aurreproiektuaren moldaketa eta aurrekontua. Edonola ere, jabekideekin «ondo aztertu» arte ez dute martxan jarri nahi izan: «Zituzten zalantzak argitu zaizkie, eta harremana mantentzen jarraituko dugu interesatu guztiekin».
Lau geldialdi izango ditu igogailuak, Goierri kaletik Urdaneta kaleraino. Ez da hasierako proiektuak jasotzen zuen eran izango. Irteera Joan Amezketa kalean izan beharrean, igogailua Urdanetaraino iritsiko da, hartara erdibidetik goiko kalerainoko desnibelari ere konponbidea jarriko diote. Lehen geldialdia edo sarrera 21-P eraikineko behe solairuan izango du, poligonoak dituen bi altuerak, eta laugarren geraldia Torresoleko kanpoko terrazan. 21-Pko ordutegiaren arabera izango da erabilgarri igogailua ere, zortzi petsonentzako tokia izango du. Igogailua «herritar guztien onurarako» izango dela ziur da alkatea.