Aurten betetzen dira 400 urte titulua eskuratu zuela, eta ekintza ugari antolatu dituzte udalak eta herriko elkarteek. Ekintzak urte osora zabalduko direla aurreratu dute antolatzaileek«1615eko otsailaren 4an eskuratu zuen Beasainek hiribildu titulua,...
Aurten betetzen dira 400 urte titulua eskuratu zuela, eta ekintza ugari antolatu dituzte udalak eta herriko elkarteek. Ekintzak urte osora zabalduko direla aurreratu dute antolatzaileek
«1615eko otsailaren 4an eskuratu zuen Beasainek hiribildu titulua, Felipe III.ari biztanleko orduko 25 dukat ordainduta». Eta justu titulua eskuratu eta 400 urte betetzen diren egunerako ekintza ugari antolatu dituzte herritarrek eta udalak.
Koldo Agirre alkateak adierazi duenez, «urtemuga borobila da eta zerbait berezia egiteko asmoa» dute, «Beasaini eta beasaindarrei zerbait berezia eskaintzeko». Udalaren helburua urteurrena ahalik eta herritar gehienekin ospatzea da, «herriak horrelako omenaldi bat merezi duelako».
Urteurrena ospatzeko egitaraua Igartzako kultur mahaiak eta herriko gainerako elkarteek egindako proposamenekin osatu dutela jakinarazi du Garbiñe Zurutuza zinegotziak: «Horregatik, egitera goazen ekitaldi guztietan herritar haiek eta gaur egungoak izan beharko ditugu kontuan, beraiek egindako lanari, ahaleginari, eta izerdiari zor baitiogu beasaindar izatea».
Otsailean da hasiera
Beasaindarrek antolatutako ekintzak urte guztira zabalduko dituzte, baina ekitaldien hasiera otsailean izango da. Diego Gomez eta Elena Diez urteurreneko batzordeko kideek azaldu dituzte xehetasunak: «Otsailaren 4an egingo da aurkezpen ekitaldia, 19:30ean, Zubimuzu plazan, eta orduan erakutsiko da urteurrenerako prestatu duten logoa. Irudiarekin egindako zapiak ere salgai egongo dira ordutik aurrera».
Otsailaren 5ean, Odolki kofradiaren kapituloarekin bat egingo dute ekitaldiek, eta kapituluaren ondoren herri guztiarentzako hamaiketakoa eskainiko du udalak. Otsailaren 6an eta 7an izango dira hurrengo ekintzak. Ekitaldi guztietan urteurreneko zapia erabiltzeko deia egin dute antolatzaileek.