Euskal Herria 19 urte jarraian nazioartean
Sokatiran, Euskal Herriak gainerako nazio eta estatuen pare ofizialki lehiatzeko aukera baduela jakiteak asko poztu gintuen bere garaian. Aurreko astean, lorpen horren aitortza eginez Sabino Arana Fundazioak handitasunez saritu du lorpena. Herri kiroletako presidenteak hunkiturik adierazi du poz hori: «Berrogei urtetako izerdi eta malkoen aitortzarako, ikurriña lehenengo aldiz (?) beste nazio eta estatuen pare».
Almitza sega elkartearen izenean, ontzi ezberdinetan joan arren norabide berean arraunean ari garen guztioi zorionak! Izan ere, historia pixka bat egiteko, hona gure ibilbidea:
Almitza Sega Elkarteak ia 20 urte daramatza nazioartean Euskal Herria ordezkatuz sega txapelketetan lehiatzen, 1996tik. Izan ditugu tartean oztopoak, baina beti lortu dugu euskaldun gisa, garen horretan, ordezkaritza izaten.
Beti egon da ikurrina beste ikur nazional guztiekin batera eta txapela jantzi dugun bakoitzean entzun da euskal ereserkia nazioartean. Suitzan, Eslovenian, Alemanian, Hego Tirolen, Austrian eta Finlandian.
Bidenabar, 2015eko abuztuaren 28,29 eta 30ean Loiolako zelaietara (Azpeitia) guztiok gonbidatuak zaudetela. Zertara? 20. aldiz ikurrina Hego Tirolgo, Suitzako, Alemaniako… banderekin batera zintzilikatzera eta Europako segalari onenekin lehiatuz, kirola, unibertsaltasuna eta festa uztartzera. Ea kirolean, antolakuntzan eta, oro har, Euskal Herri bezala maila ematen dugun.
–Aloña Galarraga Lekuona. Almitza elkarteko idazkaria.