Txirrindu lasterketarik gabe, paella jatearekin ase dute San Blas eguna
Elurtuta eta eguraldi kaskarrarekin esnatu ziren atzo Idiazabalen, San Blas egunean. 11:00etan haurren txirrindulari lasterketa egitekoak ziren, eta ordubete beranduago helduena. Eguraldia ikusita, ordea, bi lasterketak bertan behera uztea erabaki zute...
Dena den, eguerdirako eguzkia atera zen Idiazabalen eta giro ederra izan zuten arratsaldera bitartean. Eguerdirako hasi ziren plazan paella prestatzen. Bi ontzi handi jarri zituzten, eta bertan egin zuten paella, txorizo eta oilaskoarekin. Herri bazkarian jan zuten paella, karpan bertan. Sagardoa ziritik edateko aukera ere izan zuten, eta Bentazaharreko Mutiko Alaiek girotu zuten bazkalostea.
Arratsaldean herriko gazteen pilota txapelketako finalak eta kuadrillen arteko jokoak izan ziren pilotalekuan. Iluntzean, berriz, Trakets musika taldearen emanaldia.
Gaur amaituko dira jaiak
San Blas jaiei amaiera emango diete gaur. 400. urteurreneko ekitaldia, bertso bazkaria eta Joselu Anaien kontzertua izango dira. Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso izango dira bertso bazkarian. Jaiei amaiera emateko, azeria udaletxeko balkoira igoko dute 20:00etan.