On-Bide, Gaintzaren bihotza
Egoitza berrira aldatu zuten iaz Gaintzako On-Bide elkartea. Birsorkuntza moduko bat izan du, bazkidetza aldetik ere berrituta. Herriaren motore izaten jarraitzen du, ordea, beti bezala.Uurte aipagarria izan zuten iazkoa Gaintzan. Herriko bizitzarako a...
Egoitza berrira aldatu zuten iaz Gaintzako On-Bide elkartea. Birsorkuntza moduko bat izan du, bazkidetza aldetik ere berrituta. Herriaren motore izaten jarraitzen du, ordea, beti bezala.
Uurte aipagarria izan zuten iazkoa Gaintzan. Herriko bizitzarako azpiegitura erabakigarriak diren bi gune inauguratu zituzten, Ostatu Etxeberri zegoen orubean: udaletxea, eta On-Bide elkartearen egoitza berria. Herriko soziedadearentzat aldaketa garrantzitsua izan da. Baldintza, tresna eta toki hobeak izateaz gain, elkartea bera biziberritzen ari da. Udal eraikinarekin batera, irailaren 29an ireki zuten ofizialki lokal berria.Herri txiki guztietan gertatu ohi den bezala, Gaintzan ere berealdiko garrantzia du On-Bidek, herrigintzarako. Bizilagun asko dira edo izan dira bazkide, etxe ia denetako ordezkaritzarekin. «Udaltxean baino erabaki gehiago hartzen dira hemen», dio Joxe Mari Matxain gaintzarrak, udaleko zinegotzi 24 urte izana, horietatik zortzi alkate.
Eta ez da txantxa, brometan esan arren. Herriaren bihotza da On-Bide, eta Gaintzako zein udaleko mugimendurako erabakigarria. «Herri guztiko ekitaldiak hortik ateratzen dira», aitortu du gaur egungo alkate Joxe Mari Garmendiak.
Lokal argitsua eta berria
Udaletxe berriaren behe-beheko solairuan dago On-Bide, plazako lehengo kokagunetik aldatuta. Leihate zabalekin, Aralar eta Tolosaldeko mendietara ikuspegi bikaina dauka. Lokal luze bat da, sarreran eskuinera sukalde modernoa duena.
Gorputzaz gain, arima dauka garrantzitsuagoa. Gaur egun 30 bazkide dira. «Elkarte berria egiterakoan, obrengatik, bazkideek diru ekarpen bat egin behar izan genuen. Bazkide zaharrak dezente zeuden, eta ez zien konpentsatzen. Beraz, baja asko izan ziren iaz», dio Garmendiak, iaz arte zuzendaritzako kide zenak.
«Asko kostatu zaigu, baina aurrera aterako dugu. Behar dugu, elkartzeko eta elkarren berri jakiteko», zioen Matxainek.
Hala, biziberritze prozesuan dago orain On-Bide, lehengo zuhaitz zaharretik kimu gazteak ernetzen. Iaz bertan bost bazkide berri sartu ziren, bizitzera Gaintzara etorritakoak eta. «Gehitzeko modua badago, herritar guztiei zabalik dagoelako. Urteko kuota ordaintzen dugu, elkarteetan ohikoa dena».
Gastronomikoki, asteburuetan izaten da jende gehien elkartean. Kanpoan bizi diren gaintzar asko joaten da, adibidez.
Baina benetako aberastasuna, halako elkarteak horren baliotsu eta ezinbesteko egiten dituena, urtean zeharreko lan soziala da. Festetan txirrindu igoera ospetsua —iaz 56 lagun irten ziren—, apirilean mus txapelketa, San Martinetan talo jana, San Joanetan sua eta afari-merienda… antolatu ohi dituzte. Ekitaldi xumeak, baina Gaintzako herri-bizitzarako egundokoak.
Ordiziako Klasikoa baliatuz, eta Zaldibiatik aldapa berritu izanari zukua ateratzeko, festa egin zuten iaz, Santiago egunez. Ekimen gehiago ideiatzen ari dira orain. «Mugimendua badago», dio Garmendia alkateak.
On-Bide bide onean da, beraz.