«Estetika onkologikoan produktu guztien oinarria naturala da»
Minbizia dutenen estetika zaintza da Beatriz Blancoren (Zumarraga, 1966) espezialitatea. Hitzaldia egingo du gaur Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean, 17:00etan.Estetizista zinen aurretik, baina nolatan hasi zinen onkologiaren esparruan lanean?Gure ...
Minbizia dutenen estetika zaintza da Beatriz Blancoren (Zumarraga, 1966) espezialitatea. Hitzaldia egingo du gaur Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean, 17:00etan.
Estetizista zinen aurretik, baina nolatan hasi zinen onkologiaren esparruan lanean?Gure amak minbizia izan zuen. 2001. urtean atzeman zioten eta orduz geroztik nik zaindu nuen ohiko estetika jarraibideei kasu eginez. Ileordea, kremak, azkazalak… Gure ama zendu zen eta niri gaiarekiko jakin nahia sortu zitzaidan.
Minbiziaren Aurkako Elkartean lagundu zidan psikologoak bultzatuta, Madrilera joan nintzen ikastera. Angela Navarro gai hau landuta zuen bakarra zen, eta Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalean ikastaro bat antolatu zuen. Lurralde bakoitzeko ikasle bana hartu zuen eta ni Gipuzkoako ordezkaria izan nintzen.
Ohiko estetikaren eta onkologikoaren artean aldea handia al da?
Bota bat eta zapata bat egitearen artean dagoen bezainbestekoa. Kosmetika ezberdina da, ez dira lurruna ezta makinak erabiltzen eta produktu guztien oinarria naturala da.
Azalari asko eragiten al diote minbiziari aurre egiteko tratamenduek?
Erabat. Azala kontroletik kanpo geratzen da. Zati batzuk lehortu egiten dira, beste batzuetan gantz gehiegi batzen da, orbanak ateratzen dira… Horrenbestez, kremak leun-leunak izan behar dira, ez bakarrik aurpegikoak, gorputz osoan ematekoak ere bai. Kremok ez dute gantzik gehitu behar, freskoak izan behar dira; are gehiago erradioterapia tratamendua jasotzen dutenean.
Azkazalak ere aipatu dituzu.
Azkazaletan sortzen diren arazoei aurre egiteko ez dago apenas produkturik; hidratatu baino ezin dira egin.
Ileordeak ere jartzen dituzu eta eramango dituzu gaurko hitzaldira.
Bai. Bilorde osoak, ile gehigarriak eta bestelako osagarriak daude. Ilea erortzen denean irtenbide bat baino gehiago dagoela erakutsi nahi diet hitzaldian.
Zenbat balio du ileorde batek?
Eskuz egindakoak eta makinaz jositakoak, ile naturalarekin edo sintetikoarekin egindakoak; aukera zabala da. Prezio askotarikoak daude, 200 eurotik hasita 1.000 eurora artekoak saltzen ditut.
Produktuak eta bilordeak erakusteaz gain, zein da gaur emango duzun mezuaren muina?
Denerako irtenbideak daudela transmititu nahi diet eta, bereziki, erabili behar ez luketenari egin nahi diot azpimarra.