Ordiziarren iritzia jasotzeko galdeketa prestatu du EH Bilduk
Etxez etxe banatuko dute galdeketa eta herriko 10 puntutan jarriko dituzten postontzietan bota ahal izango da.
Maiatzeko udal eta foru hauteskundeak gerturatzen ari diren heinean, lanean ari dira Ordiziako EH Bilduko kideak. “Ordiziarrentzat ahalik eta eskaintza onena” osatzeko asmoz, pauso bat gehiago eman eta galdeketa bat zabalduko dute herrian. 2015-2019 legegintzaldirako EH Bilduk finkatu dituen ildo orokorretan eta azken lau urteetan udalean izan duten esperientzian oinarrituz, Ordizian garrantzitsuak diren ideiak jaso nahi dituzte.
Hala aurreratu zuten atzo Ordiziako EH Bilduko kideek prentsaurrean. “Ordiziarentzat nahi duguna ordiziarrok erabaki behar dug”», zioen Amaia Iztueta bozeramaileak. Horregatik, prestatu duten galdeketan ahalik eta pertsona gehienek parte har dezaten eskatu zuten. “EH Bildutik herritar guztiei luzatu nahi diegu eskua gure herria hobetzen jarraitzeko eta elkarlanean aritzeko”.
Datorren astean jasoko dute Ordiziako bizilagunek galdeketa etxeko buzoian, EH Bilduren aldizkariarekin batera. Helburua, herritarrek udal gobernuaren inguruan duten iritzia biltzea dela azaldu zuen Iztuetak, “erantzuteko oso erraza den galdeketa baten bitartez”. Galdeketa jasotzeko hamar postontzi jarri dituzte herrian: jubilatuen egoitza atarian, gaztetxean, Barrenan, Majori kiroldegi atarian, Herrikoan, Alkartetxean, Buztuntzako zubian, Altamirako Txola tabernan, San Joan auzoan eta Otegi-eneako Nerea tabernan. Ekarpenak ordizia@ehbildu.net helbidean ere egin daitezke. Otsailaren 26tik martxoaren 9ra jasoko dituzte erantzunak eta ekarpenak.
Arloz arloko lanketa
Alkategaiaren aurkezpenaren ondoren, otsailean arloz arlo hainbat bilera abiatu zituzten. Kirola, mugikortasuna, ingurumena… gaur ongizatea izango dute aztergai 18:30ean Barrenan; bihar merkataritza, 14:30ean; eta ostiralean berdintasuna, 18:30ean. Jasotako proposamenak aintzat hartuz ari dira zirriborratzen programa.