Gabiriar soinujole gaztea
Maiz Morea abizenak
jatorria berriz Gabiriko Eguzkitza,
soinua eta musika zenun Oroitz
bizi izateko giltza,
eta familian maitasuna
ezinbesteko baldintza,
lagunartean eta nonnahi ere
zu beti zorion printza,
zuk erakutsi diguzu guri
ederra dela bizitza.
Agur eta Egun Handirarte
hauxe gure azken hitza.
Musikaria eta soinujole trebea genuen 31 urteko Oroitz gabiriarra: gaztea, argia, hurbilekoa, detailez beterikoa. Beti prest bere maitasunaren lokarriak besteari laguntzeko: familiari, Gabiriko ohiturei, ingurukoei, urrutikoei…; beti hor, gertu, behar zen hitza eta babesa emanez, eta batez ere bere ingurua musikaz bustitzen eta edertzen.
Bere musika ikasketen ibilbidea luzea izan da. Hasi Ormaiztegin Amaia Garmendiarekin, gero Irun, Katalunia, Espainia, Alemania… Akordeoia edo esku-soinuarekin hamaika kontzertu emana zen Europan, Amerikan (Kanada) eta Afrikan (Egipto).
Baina gaur adierazi nahi nuena beste hau da: ze pena, ze ezintasuna nabaritzen dugun egoera honetan. Zer egin? Neri bakarrik askotan ikusten, irakurtzen eta komentatzen ditugun hitz bi horiek burura datozkit: oroi eta otoi. Badakit sentsibilitate berezia behar dela guzti honetarako, baina egiz eta kariñoz idazten dut. Ez dakit gehiago esaten.
Guztiok dakiguna da jaio berriak heriotza zor duela, biziaren atala dela. Eta norberak bere bizia era libre eta gizatiarrean bizi nahi duenak, jakin beharko dugu heriotza barneratzen. Ez da erraza. Badakit.
Oroitz etxekoentzat eta guztiontzat maitagarria izan da. Bikaina eta apala, handia eta txikien babeslea era berean, gabiriarra eta gizatiarra, hangoa eta hemengoa, jakin duena uztartzen lehena, oraina eta geroa, bai musikan eta baita giza mailan.
Heriotzaren esperientzia ezaguna zaigu, baina beti besteengan ikusi izan dugu. Bestalde, badakigu atzo eta gaur besteei gertatu zaiena, bihar edo ez dakit noiz guri gertatuko zaigula.
Itxaropenari leiho bat ireki nahi diot. Konfiantzaren aldeko apustua egiten jarraitu nahi dut. Norbaitek eta Norbaiten baitan garelako ustea, hala esaten zuen on Joxe Miel Barandiaranek. Hau da, heriotzak ez diola maitasunari gainik hartuko. Honela sentitzen dut: azken hitza ez duela heriotzak. Egia da heriotzak gauza asko mozten dituela, baina maitasunak lotzen duena ezin dezakeela ezerk eta inork moztu eta desegin.
Itxaropenari leiho bat ireki behar diogu. Goian bego, Oroitz Maiz Morea!
–Joxe Agustin Arrieta.