Gihartze gela eta boulder gela ireki ditu Ataungo Udalak aste honetan
Gihartze gela kiroldegian dago eta boulder gela, berriz, igerilekuarentzat egin zen eraikinean. Bazkide egin nahi dutenek, kiroldegira jo behar dute izena emateraAtaungo Udalak gihartze gela berria eta boulder gela ireki ditu aste honetan. Zerbitzu hau...
Gihartze gela kiroldegian dago eta boulder gela, berriz, igerilekuarentzat egin zen eraikinean. Bazkide egin nahi dutenek, kiroldegira jo behar dute izena ematera
Ataungo Udalak gihartze gela berria eta boulder gela ireki ditu aste honetan. Zerbitzu hauek erabili nahi dituzten herritarrek kiroldegira jo behar dute izena ematera.Ataunen gihartze gela txiki bat zuten eta, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, handitu eta jantzi egin dute. Gihartze gela hau kiroldegian dago. Korrika egiteko bi zinta, spinning egiteko bi bizikleta, step bat eta arraunean egiteko makina bat jarri dituzte. «Tokiak ez du askoz ere aparatu gehiago sartzeko aukerarik ematen. Gehiago nahi duenak, Beasainera edo Lazkaora joan behar du. Ataunen tamainari dagokion gihartze gela bat da», azaldu du Igor Aierbe alkateak.
Boulder gelari dagokionez, kiroldegiaren ondoan egin dute. Igerilekuarentzat eraiki zen eraikinean, hain zuzen ere. Igerilekurik ez zen egin, ordea, eta eraikina hutsik egon da. «Lau urte eta gero, eraikin horri irteera eman ahal izan diogu. Aldagelei zegokien aldean pintura ikastaroak ematen dira eta beste erdian boulderra egin dugu».
Bai gihartze gela eta bai boulder gela astelehenean ireki zituzten. Erabili nahi dituenak, kiroldegian izena eman behar du. Ateetan sarraila elektronikoak jarri dituzte eta bazkide egiten direnei txartela emango diete. Hala, nahi duten orduetan erabili ahal izango dituzte. Txartelak 10 euro balio du.
Bonuei dagokienez, aukera ezberdinak daude: hilabetekoak, urte osokoak eta familia osoarentzat. Azken honi dagokionez, 80 euroren truke familiako kide guztiek bi gelak urte osoan erabil ditzakete. Banakako bonuei dagokienez, gihartze gelaren kasuan, urte osokoak 50 euro balio du eta hilekoak 5. Boulder gela 10 euroren truke erabili ahal izango da, urte osoan.
Alkateak giltzen ordez txartelak erabiltzeak abantaila asko dituela dio. «Sartu-irtenen kontrola egiteko eta ordutegia zabaltzeko aukera ematen du».
Ataunen kirol zaletasun handia dago. «Herritarrak eskalada egiteko toki estali bat eskatzen ari ziren eta bizilagunen eskaerari erantzuna eman diogu». Gainera, duela gutxi San Gregorion eskaladarako hiru bide ireki eta ekipatu dituzte. «Jentilbaratza eskalada eskolari esker, herrian kirol honek indar handia du».
Martxoan, mendi martxa
Gainontzeko kirolek ere jarraipen handia dute Ataunen. Hala, bai San Gregorion eta bai San Martinen pilotaleku estaliak dituzte. Eta martxoa bukaeren eskolarteko mendi martxa egingo dute.