Goierriko gida ilustratua osatu du Mikel Bergara diseinatzaileak

Zaragozako Arte Eskolan aparteko saria jaso du ordiziarraren proiektuak

IMG-20150225-WA0041Bere bi grina nagusiak uztartu ditu Mikel Bergarak bere azken lanean. Diseinua, infografia eta marrazketarena batetik, eta bere sorterria, Goierri, bestetik. Nahasketak emaitza polita ekarri du, Zaragozako Arte Eskolako Soy un monstruo  aparteko saria jaso berri bait du, Goierriko gida ilustratuarekin.

Hemezortzi urte daramatza herritik kanpora Mikel Bergara diseinatzaile grafikoak (Ordizia, 1978). Unibertsitate ikasketak egitera joan zen eta Euskal Herritik kanpora garatu du bere bidea. Zaragozan (Aragoi, Espainia) daramatza ia 14 urte bizitzen. Gustura egingo zituen Arte Ederren ikasketak, baina arkitektura teknikoa egin zuen.  2012an bere ibilbideari bira eman eta Diseinu Grafikoa eta Ilustrazioa ikasten hasi zen. Ikasketa amaierako proiektu gisa, berriz, Goierrin oinarritutako gida bat landu du.

Ia bi hamarkada herritik kanpora emanda, “ez bateko ez besteko” sentsazioa ere baduela dio ordiziarrak. “Urte asko dira Ordiziatik kanpora, baina herrimina handia da. Gainera, Zaragozan nire herria erakusteko modua ere izan da hau”, azaldu dio Goierriko Hitzari.

Urtaroka gerturatu da Goierrira, bertako produktuak aitzaki hartuta. “Ez da gauza bera Goierrira udan joatea edo neguan joatea, udazkenean edo udaberrian… Urtaro bakoitzean produktu batzuk ditugu, produktu horien bidez iritsi naiz Goierriko txokoetara”. Bazter bereziak jasotzen ditu gidak, informazio praktikoa, ohiturak, errezetak… Gida ilustratua da, hortxe du ukitu berezia.

San Adriango pasabidea, Ordiziako plaza nahiz Ataungo Errotatxo ageri dira, beste hainbatez gain, eskuz egindako ilustrazioetan. Akuarela, bic boligrafoak eta rotuladoreak dira Bergararen tresnak. Kalitate onean eskaneatu eta tratamendu digitala egiten die marrazkiei. Photoshopen ukituak eman eta InDesingekin montatzen ditu. Martxoaren 12ra arte Zaragozako Arte Eskolan egongo da proiektua ikusgai.

Informazioa jasotzen ia urtebete aritu da, baina, azken bi hilabeteak eman ditu gida lantzen. Orain, lana osatuta, gida zabalduko duenaren bila dabil ordiziarra: “Ate joka nabil han eta hemen, ea inork interesik ba ote duen argitaratzeko”.

Erakusketa, Bilbon
Sorkuntza lanea arituta, proiektu ugari ditu esku artean Bergarak. Espainiar Estatuako zenbait Arte Eskolen artean Bilboko Alhondigan ireki duten bestelako erakusketa batean ikusgai du bere lana,  haur eta gaztetxoen literatura eta artearen inguruko Flic Jaialdian Maleta ilustratua gai hartuta.

Utzi ekarpen bat

*

*

Send this to friend