Herriko merkataritza indartzeko apustua egin du Ordiziako EAJk
Merkataritza, ostalaritza eta turismoa izan ditu aztergai Ordiziako EAJk hauteskundeetara bidean antolatutako Kafe Sarean egitasmoaren lehen topaketan. Jose Migel Santamaria alkategaiak prentsaurrekoa eskaini zuen ostiralean lehen balorazioa egiteko. H...
Merkataritza, ostalaritza eta turismoa izan ditu aztergai Ordiziako EAJk hauteskundeetara bidean antolatutako Kafe Sarean egitasmoaren lehen topaketan. Jose Migel Santamaria alkategaiak prentsaurrekoa eskaini zuen ostiralean lehen balorazioa egiteko. Hala, Ordiziako merkatariek udalari «inplikazioa eta bidelagun izatea» eskatzen diotela aurreratu zuen. «750 lanpostu sortzen dituen merkatarien eta zerbitzuen sektorea indartzearen aldeko apustua egiten dugu», azaldu zuen Santamariak. Era berean, merkatarien iritziak kontuan hartzea «ezinbesteko» jo zuen. Azken lau urteetan EH Bilduren udal gobernuak egindako lanari ere egin zion erreferentzia Santamariak eta «udala merkatariei bizkarra emanez» aritu dela esan zuen: «Merkataritza eta ostalaritza jarduera gehien kokatzen den gune historikorako sarreretan neurri murriztaileagoak ezarri dituzte, trafikoa aldatu eta aparkaleku berriak planifikatu gabe».
Gaur, euskara
Kafe Sarean egitasmoari jarraipena emanez, gaur euskararen gainean arituko dira Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikako sailburuordearekin Olano tabernak duen jangelan.
Datorren hilaren 10ean kirola izango dute hizpide Jon Redondorekin.