Barrenetxea-Onaindiak irabazi dute Goierriko II. Rallyesprinta
Euripean eta errepide-zoru labainean jokatu zen, larunbat arratsaldean, Goierriko II. Ralyesprinta. Lazkao, Zaldibia eta Gaintzan barrena 16 kilometroko ibilbidean hiru pasaera egin zituzten partaideek. Izena emanda 74 talde bazeuden ere, egiaztapenak gaindituta 64 ipini ziren irteera-marran. 25 autok ez zuten bukatu, istripuak (tartean ikusgarriak ere bai, irauli bat esate baterako) edo matxurak zirela eta.
Enrique Barrenetxea eta Anartz Onaindia bikoak (Mitsubishi Evo IX) irabazi du rallyesprinta, euskal denboraldiko bigarrena. Hiru erlojupekoetan eurak izan ziren azkarrenak. Lehenengo zatian 16 segundo atera zizkien Labaka-Otaegi azpeitiarrei (Mitsubishi Evo V), eta bigarrenean beste 7. Azken tramoan, helmugara iristeko gutxi falta zitzaiela, Labaka bidetik irten zen, eta proba utzi beharrean suertatu zen.
Orduan, bigarren postua Aingeru Castro-Alaitz Urkiolarentzat izan zen (BMW M3), eta hirugarren postura Gorka Antxustegi-Xabat Urresti (Peugeot 205 F1) igo ziren.
Formula librean ere sarraskia aipagarria izan zen. Irten ziren 9 autoetatik hiruk bakarrik bukatu zuten. Iban Ibarreta-Kepa Otaegi (BMW 325i) izan ziren modalitateko garaileak. Erregularitate Sport klasikoetan, berriz, Asier Santamaria-Isaias Bringas (Golf GTI) nagusitu ziren, 10 talderen artean.