Ingurumenaren bueltan hainbat dokumental proiektatuko dituzte; hilaren 24tik 26ra izango da.
Euskal Herriko beste hamabost herri eta hiriren artean, Ordizia izango da martxoaren 24tik 26ra bitartean Ekozinemaldia jasoko duen herrietako bat.
Ekologistak Martxan taldeak antolatzen du Ekozinemaldia, ingurumenarekin eta haren defentsan interesatuta dauden tokian tokiko beste hainbat eragilerekin batera. Ordizian, Landarlanekin, Ordiziako Udalarekin eta Goierriko Baratzarekin egin dute lankidetza. Gaur eman dute prentsaurrean egitasmoaren berri Belen Maiza udaleko zinegotziak, Edurne Huesa Landarlaneko kideak eta Txisku Masid Goierriko Baratzakoak.
Duela bederatzi urte sortu zen Ekozinemaldia ingurumen egoera “lazgarria” agerian jarri eta dokumentatzeko asmoarekin. Aurtengorako aukeratutako gaiak petrolio erauzketarekin du lotura,
frackinga edo haustura hidraulikoarekin. Euskal Herrira ekarri nahi duten
frackingaren kalteak “hondamenezkoak” direla diote eta alternatiba gisa munduan sortzen ari diren lankidetza sare berriak ezagutzeko bide emango du Ekozinemaldiak.
Hiru egunetan, hainbat saio prestatu dituzte. Asteartean, hilak 24, hiru dokumental emango dituzte Barrenan 19:00etatik aurrera. Motzak izango dira, 20 edo 30 minutukoak:
Fractura, la maldición de los recursos,
El caso Sarayacu eta
Petrolioaren lioa, azken hau Euskal Herrian ekoitzia. Asteazkenean Zinema Alternatiboaren baitan
Trashed emango dute Herri Antzokian, nazioartean sari ugari jasotako lana. Zabortegien eta erraustegien inguruan egindako dokumentala da. Bukatzeko, ostegunean egoerari buelta emateko abiatutako egitasmoak biltzen dituen
Voces en transición dokumentala emango dute 19:00etan Barrenan.