Lazkaon atzemandako kalamu landaketa. (Herrizaingo sailak bidalitako argazkiak)
Lazkaoko etxebizitza batean 350 kalamu landare zituen saila bilatu du Ertzaintzak, eta hiru gizonezko atxilotu dituzte. Etxebizitza horretan sortutako istilu batzuk zirela medio gerturatu ziren ertzainak. Herrizaingo sailaren arabera, bi gizonezko etxearen jabearekin liskarrean ari ziren, ustez dirua eta haxixa lapurtzeko asmoarekin. Hiru gizonezkoak, 33, 35 eta 42 urtekoak atxilotu eta Tolosako epaitegiaren esku utzi dituzte.
Gertarariak igande arratsaldean izan ziren. Gizonezko bat laguntza eske ari zela eta, bizilagun batzuk larrialdi zerbitzuetara deitu zuten. Oriako ertzain etxeko hainbat patruila gerturatu ziren bertara. Atea inork zabaldu ez bazuen ere, barruan jendea zebilela ohartu ziren. Azkenean, aurpegian hainbat zauri zituen gizonezko batek zabaldu zien atea, eta artean etxe barruan zegoen beste gizonezko batek eraso egin ziola azaldu zien ertzainei. Barrura sartu eta beste bi lagun identifikatu zituzten. Gainera, bi gela kalamua landatu eta hazteko prestatuta zeudela ikusi zuten, argiztapen eta hezetasun maila egokia lortzeko aparailuekin. Barrualdean, guztira 350 landare atzeman zituzten, baita kontsumitzeko prest zegoen substantzia honen zatiak ere, kristalezko poteetan gordeta.
Zauritua, 33 urteko gizonezkoa, etxebizitzaren jabea da. Beasaingo osasun zentrora eraman zuten; behin artatu ondoren, osasun publikoaren kontrako delitu bategatik atxilotu zuten. Beste atxilotuetako bat, 35 urtekoa, etxebizitza hartan bizitakoa zen hainbat hilabetez, eta hirugarren lagunarekin batera agertu zen etxera, biktimaren arabera, dirua eta kalamua lortzeko asmoz. Bi horiek ere atxilotu egin zituzten, indarrezko lapurreta eta lesioak egotzita.