Iazko kopuruari (37) eutsiko dio errepideko egutegiak. Emakumezkoen lasterketarik ez da. Amateurren Euskadiko txapelketa Ataunen da, eta Gipuzkoakoa LazkaonErrepideko txirrindularitza denboraldia hastera doa. Otsailaren bukaeran jokatu ziren euskal err...
Ordiziako Klasikoa, Goierriko lasterketa zaharrena
Iazko kopuruari (37) eutsiko dio errepideko egutegiak. Emakumezkoen lasterketarik ez da. Amateurren Euskadiko txapelketa Ataunen da, eta Gipuzkoakoa Lazkaon
Errepideko txirrindularitza denboraldia hastera doa. Otsailaren bukaeran jokatu ziren euskal errepideetan lehenengo karrerak. Haurrek Beasainen martxo hasieran izan zuten lasterketa bat, baina ofizialki federatuen egutegia bihar hasiko da Goierrin, beterano edo masterren Zumarragako Hiria probarekin.
Guztira 36 proba antolatuko dituzte Goierriko txirrinduzale elkarteek. Hasi profesional mailako bietatik —Ordiziako Klasikoa, eta Euskal Herriko Itzuliaren 3. etapa Zumarragan—, eta infantil-alebinetara arte.
Euskadikoa, Ataunen
Titulu erabakigarriak ere jokatuko dira eskualdeko bideetan. Ataunen, San Martin proban, amateurren Euskadiko Txapelketa lehiatuko da. Iaz 50. urteurrena bete ondoren, berriz ere eremu ez profesionaleko gune garrantzitsuena bihurtuko da.
Gipuzkoako amateur txapelketa, berriz, Lazkaon jokatuko da, apirilaren 25ean. Juniorren Gipuzkoako errepideko txapelketa ere Goierrin antolatuko dute; Seguran, ekainaren 6an.
Legazpiko Santikutz Klasikoa, bere aldetik, Espainiako Koparako baliagarria izango da.
Hutsunea emakumezkoen txirrindularitzan etorriko da, atzera. Iaz Emakumezkoen Bira Ataunen bukatu zen, munduko ziklista onenen topagune bihurtuz. Aurten, ordea, ez dago lasterketarik.
Masterrak Zumarragan
Beteranoentzat lasterketa bakarra aurreikusi du Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioak. Zumarragan izango da, bihar. 15:45ean abiatuta, 83,4 kilometroko etapa izango dute 30, 40, 50 eta 60 urtez gorako masterrek. Atagoiti (3.a), Gabiria (2.a) eta Eitzaga (3.a) dira mendiak.
Zikloturisten arloan, Urretxun irailaren 27an Goierriko Klasikoa da aukera bakarra Goierrin.
Federatuez aparte, infantil eta alebin kategorian egutegia zabala da. Beasainen martxoaren 7an hasita, Goierrin beste sei proba izango dira, hurrena Ormaiztegiko Saria, larunbat honetan.
Ondoren, Legazpin (apirilak 11), Ataunen (apirilak 25), Ezkio-Itsason (ekainak 6), Gaintzan (ekainak 13) eta Urretxun (ekainak 20) lehiatuko dira haurrak. Gaintzakoa berria da.