Maiatzaren 24ko udal hauteskundeetan herrietako zinegotzi kopurua zehaztu dute. Biztanleria igo edo jaitsi delako aldatu da. Goierrik denera 204 hautetsirekin segiko duGoierrin 204 zinegotzi aukeratuko dituzte hautesleek maiatzaren 24ko udal hauteskund...
Maiatzaren 24ko udal hauteskundeetan herrietako zinegotzi kopurua zehaztu dute. Biztanleria igo edo jaitsi delako aldatu da. Goierrik denera 204 hautetsirekin segiko du
Goierrin 204 zinegotzi aukeratuko dituzte hautesleek maiatzaren 24ko udal hauteskundeetan. Duela lau urte bozetako kopuru berbera da. Herrika begira, ordea, aldaketa esanguratsuak badira. Zumarragako Udalbatzak lau zinegotzi gutxiago edukiko ditu 2015-2019 agintaldian, biztanleria galdu duelako. Mutiloak eta Zerainek irabazi egin dute, eta bina herri ordezkari gehiago aukeratuko dituzte.
Estatuko Administrazioari dagokio udalerri bakoitzaren zinegotzi kopurua zehaztea. Espainiako Gobernuak azkena onartutako errolda zenbaki ofiziala hartzen dute aintzat, eta horren arabera zenbatzen dituzte hautetsi kopuruak. Datozen udal hauteskundeetarako, 2014ko urtarrilaren 1eko datarekin onartutako zifra erabili dute.
Biztanleria, mailakatuta
Biztanle kopuru orokorra —zuzenbideko biztanleria— hartzen da kontuan, eta ez hautesle errolda —botoa eman dezaketenak—. Hala, 100 biztanlera arteko herriek hiru zinegotzi aukera ditzakete; 101-250 biztanle artekoek bost. Hautagaiei zuzenean ematen zaie kasu horietan botoa, izena markatuta; eta ez zerrenda osoari botoa emanda.
Ondoren, 251-1.000 biztanle arteko herriei zazpi zinegotzi dagozkie; 1.001-2.000 artekoei bederatzi; 2.001-5.000 artekoei 11; 5.001-10.000 artekoei hamahiru; eta 10.001-20.000 artekoei hamazazpi. Goierriko udalerri guztiak sail horietan daude.
Mutiloaren eta Zerainen kasuan, 250 biztanleko muga bereiztaile gainditu dute. 2011ko udal hauteskundeetarako Mutiloak 248 biztanle zituen, Zerainek 249. Ozta-ozta, baina hautagaien bozketa irekiaren sisteman sartu ziren orduan (184 Lege Organikoaren 5/85 atalak arautua).
Azken errolda ofizialaren arabera (2014ko Urteberri egunekoa), Mutiloak 262 biztanle ditu, eta Zerainek 263. Beraz, bost zinegotzi izatetik zazpina izatera igaroko dira bi udalerri horiek. Zerrenda osoa hautatuko dute hautesleek, botoa ematerakoan.
Gaur egun, hautagaien boto zuzeneko sistemarekin hiru herri geratzen dira Goierrin: Altzaga, Arama eta Gaintza. Bosna zinegotzirekin segiko dute.
Zumarragan lau gutxiago
Mutiloaren eta Zerainen alderantzizko joera gertatu zaio Zumarragari. Biztanleria galdu, eta beheko hurrengo tartera igaro da, 10.000 biztanleko mailatik jaitsita.
2011ko bozetarako, 10.037 lagun bizi ziren Zumarragan; aurtengo hauteskundeetarako, 9.950 ditu.
Orokorrean, aldaketa handirik ez da izan biztanleria fluxuan. Lau urtean 184 biztanle gehiago bakarrik dago Goierrin (69.628 goierritar, 2014ko urtarrilaren leheneko erroldaren arabera).
Zinegotzi kopurua ez da aldatuko: 204 udal hautetsi izaten jarraituko du Goierrik, denera.
Hauteskunde egutegia
Udal eta foru hauteskundeen deia martxoaren 31n argitaratuko da. Hauteskunde Batzordeak apirilaren 3an eratu, eta apirilaren 15etik 20ra aurkeztu beharko dira hautagaitza zerrendak. Hautesle elkarteen aldeko sinadurak martxoaren 31tik apirialren 20ra bildu beharko dira. Apirilaren 27an aldarrikatuko dituzte onartuak. Kanpaina maiatzaren 8tik 22ra da da, eta hauteskundeak 24an.