Tobera musika eskolak bihar amaituko du hamabostaldi musikala
Hainbat emanaldi, ikastaro eta saio ireki egin dituzte hamabost egunotan Seguran eta Zegaman. Apirilerako ere hainbat egitasmo ditu Tobera musika eskolak esku arteanDuela ia bi aste hasi zuen Tobera musika eskolak hamabostaldi musikala, eta bihar emang...
Hainbat emanaldi, ikastaro eta saio ireki egin dituzte hamabost egunotan Seguran eta Zegaman. Apirilerako ere hainbat egitasmo ditu Tobera musika eskolak esku artean
Duela ia bi aste hasi zuen Tobera musika eskolak hamabostaldi musikala, eta bihar emango diote amaiera. Ekintzaz beteriko bi aste izan dira, besteak beste, ikasleen entzunaldiak, herriko musikarien emanaldiak eta saio irekiak antolatu dituzte.Atzo bertan, Seguran eta Zegaman emanaldiak egin zituzten. Seguran, musikako irakasle Ainhoak musika-hizkuntzari buruzko saio irekia egin zuen kultura etxean. Bestalde, Zegaman ere saio irekia egin zuten musika-hizkuntzaren inguruan, baina kasu honetan, Rosa irakaslearen eskutik izan zen Aitxuri herri eskolan. Haurrez gain, gurasoren bat ere bertaratu zen.
Gaur, saio irekiak
Gaur ere egongo da aukera musikaz gozatzeko. Segurako txistu eta gitarra ikasleek entzunaldia eskainiko dute arratsaldeko seietan Segurako kultura etxeko aretoan. Zegaman, berriz, Ainhoa irakaslearen eskutik musika-hizkuntzako taldeen saio irekiak egingo dituzte, Aitxuri herri eskolan.
Hamabostaldia amaitzen
Hamabost eguneko ekitaldiei amaiera behar bezala emango diote bihar Zegaman. Bertako txistu eta gitarra ikasleek entzunaldia eskainiko dute Zegamako kultura etxeko Oria aretoan, arratsaldeko seietan.
Honela, musikarekin jarriko diote bukaera bi asteko musika ekitaldiei. Alabaina, ez da musikaren alorrean Tobera musika eskolak antolatuko dituen ekintzen amaiera izango. Izan ere, apirilerako ere antolatu dituzte egitekoak, esaterako Dantzari Txiki Eguna antolatuko dute, eta Altsasuko musika eskolakoekin elkartrukea egingo dute.
Tobera musika eskola Zegamako, Segurako, Zeraingo eta Mutiloako herritarrei irekita diharduen musika eskola da. Beraz, ikasturtea amaitu arte musikari dagokionean ez da isilunerik izango.