Inposaketari herri erantzuna
Espainiar bandera ezartzeko agindu judiziala jaso eta Beasaingo Udaleko balkoian jarri behar izan dugunean pozik ikusi ditugun bakarrak Urkixo eta PNVkoak izan dira. Egia da Ezker Abertzaleak sutsuki defendatu duela ikurrina eta espainiar bandera ezartzearen aurkako ildoa. Eta orain geuk jarri behar izan dugu bandera arrotza, min eta kontraesan handiz.
Garaian garaiko jarrerak arrazoitzen du aldaketa. Honela gogoratuko dugu Beasainen “banderen auziaren” garaian, legedi hutsunea aprobetxatuz Ezker Abertzaleak jaietan ikurrina jartzea proposatzen genuela, PNVk kontra bozkatu eta Udalekoa ezkutatu egiten zuela. Horren aurrean gure zinegotziek giltzapean zegoen ikurrina aurkitu eta jarri egiten zutela, eta Alkate jeltzaleek kendu. Urtero berdin azkenean ikurrinaren erabilpen instituzionala normalizatzea lortu zen arte.
Espainiar agintariek judizialki espainiar bandera inposatzen hasi zirenean, egia da guk ez jartzeko ildoa bultzatu genuela indarrak batu eta egoerari aurre egitea proposatuz. PNVk legez kanpo ez zuela egingo erantzuten zuen beti eta gure aldetik koldarkeri gisa hartzen genuen jarrera hori.
Orain geuk jartzen dugu bandera, beraz geu gara koldarrak, eta agian horrela izango da. Baina ñabardura bat eginez, Ezker Abertzaleak beti proposatu du Estatuko inposizioei Herri gisa erantzutea, datozen ondorioak datozela. Eta egin ere egin izan dugu, legez kanporatuak izan arte. Orain PNVk sekula egin ez duena egiteko eskatzen digu, legea urratu eta kanporatuak izateko. Botere goseak hori eskatzen die, Ezker Abertzaleko hautagaiak berriz ere kanporatuak izan eta eurek beraienak eta bi egiteko bidea libre izan dezaten.
Ulertu nahi duenak jakin beza, egin dugun estrategia aldaketan gure lan ildoak herritarren gehiengoarekin garatuko ditugula, eta gehiengo horretara PNV biltzen bada, euskal ikurren ondoan ez da espainiarrik egongo eta burujabetzarako bidean berdin, ondorioak ondorio, Katalunian bezala inori baimenik eskatu gabe jarduteko prest gaudela.
Bitartean bide horri behin eta berriz uko egiten diotenen gaitzespenak eta lezioak ez dira onargarriak. Guk gure kontraesanak onartzen ditugu, baina bidea elkarrekin egin nahi duenak, bereak ere onartu beharko lituzke. Hori egiteko gai garenean, Herriak benetan nahi duena proposatzeko gaitasuna berreskuratuko genuke.
Proposamena luzatua dago, egin dezagun bide komuna gure izaera, burujabetza eta ikurrak defendatzeko.
Aitor Larburu. EHBildu