Ixidro Sukia artzaina. Eskeine Legorburu
Badira hainbat aste Idiazabal Jatorri Izendapeneko teknikariek erregulartasun-saria berarentzat izango zela iragarri ziotenetik. «Ezusteko» baikaina eraman zuen Ixidro Sukia artzainak deia jaso zuenean; baina gustura dago bere lanari egindako aitortzagatik. Bilboko Nerua Guggenheim jatetxeko Josean Alija sukaldariak atzo ebaki zuen gazta Sukiarena zen. Urtarrilaren 13an egindako alea zen, 1.300 kilogramokoa.
Erregulartasun-kalitate saria jaso duzu, nola hartu zenuen albistea?
Zorionduz deitu zidan Jatorri Izendapeneko teknikari batek. Zergatik ba? Galdetzen nuen nik zer izan zitekeen jakin gabe. Puntuaziorik onena atera nuela eta, Jatorri Izendapeneko saria niretzat zela esan zidan. Handia da Jatorri Izendapena, artegi eta gaztandegi asko daude, herrialde guztietatikoak eta nirea aukeratzea izugarria da.
Nola egiten da kalitatearen neurketa?
Izendapeneko teknikariak arduratzen dira horretaz. Artegitik pasa eta gazta laurden pare bat hartu zituzten, lagin gisa. Ondoren, katak egiten dituzte horretan adituak diren hainbat lagunek. Idiazabal izendapenaren etiketak banatzeko neurketa da egiten dutena. Nik, egia esan, orain arte ez nekien hau nola egiten zuten.
Ordizian ebaki duten gazta zurea zen.
Bai eta urduri nengoen udaletxeko ekitaldian, jende aurrean, nire gazta hor erdian ikusita.
Nola aukeratu duzu zein gazta ekarri Ordiziara?
Ez da erraza izan aukeratzea. Iraileko lehiaketa garrantzitsua izaten da, baina hara eramaten duzuna ona ez badago baztertu egiten dute eta kitto. Hemen, ordea, jendaurrean irekitzeko gazta da, eta zuloren bat edo tokatzen bada… nabarmen gelditzen da. Azkenean aukeratu nuen gaztaren anaia ugari ireki nituen etxean azken egunetan. Itsura ona zuten, probatu ditugu eta onak daude. Ziur nengoen aterako zela, baina inoiz ez dago jakiterik zer aterako den eta horrek urduritasuna ematen du.
Ordizian irudikatu da gazta berriaren denboraldi irekiera. Nolako negua izan da joan dena gazta egiteko?
Ez da negu gogorra izan, baina hotza egin du eta euri asko. Hortaz esnea biltzeko ez da negu ona izan. Negu xuabea hobea izaten da artzainontzat, esne gehiago ekoizteko. Elur asko ez du egin baina hotza eta izotza bai. Beraz, nik behintzat iaz baino kantitate gutxiago egingo dut aurten, nahiz eta badakidan beste batzuk gehiago ekoiztea lortuko dutela.
Sukia, Bittor Oroz sailburuordearen eskutik diploma jasotzen.
Zenbat gazta ekoizten duzu urtean?
Ni normalean 6.000 eta 7.000 kilo artean ibiltzen naiz. Aralarren eta Lazkaoko Bordaberri artegian ditugun ardien esnearekin ekoitzitako gazta da.
Zuretzat artzaintza familiatik jasotako lanbidea da ezta?
Bai hala da. Ni hirugarren belaunaldia naiz familian. Aitona ez nuen ezagutu, baina ardiekin ibiltzen zen, nire aita ere bai. Ni honetan 28 urterekin hasi nintzen, 33 urte daramatzat dagoeneko honetan. Ardien artean jaio nintzela esatea gehiegi izango da, baina hazi bai ardien inguruan hazi naiz eta bizi ere bai.
Eta hurrengo belaunaldiek jarraipena emango al diote lanbideari?
Gazteak aritzen dira hemen, baina lehenbizi ikasi egin behar dute. Gero ikusiko da honetan nahi duten edo ez. Gainera, gaur egun artzantzan aritzeko ere ikasketak beharrezko dira, abantaila dira erronka berriei aurre egiteko.
Artzaintzaren eta gaztaren bueltan egun handia ospatu da Ordizian, baina orokorrean nola ikusten duzu artzantzaren egoera?
Tristea da egoera. Gazta egin eta saltzen dugunok justuan iristen gara, baina zortedunak ere bagara. Esnea ekoizten eta saltzen dutenak egoera okerragoan daude. Gaztaren prezioa ezin dugu igo, lehiakortasuna ere hor dago eta kontuan izan behar da. Arkumeen prezioa berriz ni hasi nintzenean bezalaxe dago, ez da batere igo.