Ezkio-Itsason ikastaroa antolatu dute gazteekin hezkidetza lantzeko
Taldea osatuz gero, datozen asteetan hezkidetzari buruzko ikastaroa egingo dute Ezkio-Itsason. Udalak, Urola Garaiko Mankomunitateak eta Ganbara Guraso elkarteak antolatu dute ikastaroa. Herriko gazteei zuzenduta dago, eta Beldur Barik proiektuaren bar...
Urola Garaiko Mankomunitateak eskainiko du ikastaroa, eta guztira lau saio izango ditu, bakoitza bi ordukoa. Lehenengo saioan hezkidetza kontzeptua zer den azalduko dute, eta familietatik eta gizartetik gazteei transmititzen zaizkien balio sexisten inguruko hausnarketa egingo dute.
Bigarren saioan feminitatea landuko dute. Emakumeari buruz hedabideetan ematen den irudiari buruzko hausnarketa bultzatuko da, eta irudi horrek neska gazteengan eta gizartearengan duen eragina aztertuko dute.
Hirugarren saioan, berriz, maskulinitatea izango dute hizpide. Feminitatearekin bezala, maskulinitatearen eraikuntzaren inguruko hausnarketa egingo dute saio horretan. Gizon izatea zer den, mutilek haur direnetik jasotzen duten heziketa eta horrek haiengan duen eragina landuko dute. Lehen hiru saioetan hausnarketa horiek eginda, ikastaroko azken saioan berdintasunean hezteko baliabideak eskaintzen saiatuko dira.
Izena emateko epea
Bihar da ikastaroan izena emateko azken eguna, Ezkio-Itsasoko udaletxean. Izena ematen duten guztiekin bilera bat egingo dute, eta denen artean erabakiko dute ikastaroa zein egunetan eta ordutan egin.