Legorretak argitu du iragan iluna
Legorretarren oroimen historiko kolektiboa bildu dute, 'Hurrengo geltokia' lanean. Gerraren eta frankismoaren ondorioak aztertu dituzte. Larunbatean da estreinaldiaLegorretan larunbatean aurkeztuko dute Hurrengo geltokia ikus-entzunezkoa, 21:30ean, pla...
Legorretarren oroimen historiko kolektiboa bildu dute, ‘Hurrengo geltokia’ lanean. Gerraren eta frankismoaren ondorioak aztertu dituzte. Larunbatean da estreinaldia
Legorretan larunbatean aurkeztuko dute Hurrengo geltokia ikus-entzunezkoa, 21:30ean, plazako frontoian. Legorreta Oroimen Historikoa lantaldeak prestatu du, Legorretako Udalaren eta Aldapa Haundi kultur elkartearen lankidetzaz. Emanaldiaren aurretik, 20:00etan, Bilkoin elkartean mokadutxo bat aterako dute.Oroimen historikoa berreskuratzeko eta bizikidetza sustatzeko Gipuzkoako Foru Aldundiaren planaren barruan egin dute dokumentala. Bigarren atal bat ere badu, kontakizunaren liburua. Hori ekainaren 25ean aurkeztuko dute. Liburuan parte hartu duen Mikel Gerrikok hitzaldi bat ere egingo du, ekainaren 4an. Giza eskubideen urraketen bilduma-dokumentua ere osatuko dute, aurrera begira.
Legorretan 1936ko gerra, aurrea eta ondorena zer izan zen jaso dute proiektuan, 47 urteko epe historikoa: 1932tik 1978ra. Hala, Errepublika garaia, gerra, gerra ostea, frankismoa, eta frankismo osteko mugimendua —euskararen eta ikastolaren aldeko mugimendua, langile mugimendua…— bildu dituzte.
50 legorretarren ahotik
Artxiboak eta agiri zaharrak arakatzeaz gain, Legorretako 50 herritarren testigantzak jaso dituzte. Hurrengo geltokia dokumentalean 30 pertsonaren azalpenak sartu dituzte. «Orain arte jaso ez diren eta ezagutzen ez ziren gertaerak bildu dira», aurreratu dute egileek. 2013ko irailean hasi ziren bilketa eta araketa lanekin.
Dokumentalak 90 minutuko iraupena du. «Testigantzak eta elkarrizketak dira, osoki herriko jendeak esandakoak. Laburrago egitea pentsatu genuen, baina azkenean, herrirako interesgarri delakoan, ordu eta erdiko ikus-entzunezkoa utzi dugu», dio lantaldeko Ion Diaz Egurbidek.
Ikus-entzunezkoaren laburpena Legorreta Oroimen Historikoaren webgunean dago ikusgai (legorretaoroituz.com).
Lantaldekoak «oso pozik» geratu dira proiektuak izan duen erantzunarekin eta ondu duten emaitzarekin. «Hasieran helburua jarri genuen inor ez kanpoan gelditzekoa. Zorrotzak izan gara historiaren azterketan eta galderak prestatzerakoan, eta modu objektiboan tratatu dugu gaia. Legorretarrek emandako erantzunekin osatu da kontakizuna», zehaztu du Diazek.
Lantalde zabala
Kontatzen ez ezik, kameren atzeko lanean, informazioa biltzen eta artxiboak arakatzen ere Legorretako lagun talde handia ibili da. Dokumentala Iban Zunzunegik zuzendu du, eta Ion Diaz arduratu da produkzioaz.
Elkarrizketak egiten Urko Etxeberria, Beñat Jauregi, Mikel Gerriko, Ion Diaz, Nekane Iturriotz, Sorkunde Arbilla, Maddi Jauregi eta Mara Altuna jardun dira. Irudiak hartzen, berriz, Antton Altuna eta Iban Zunzunegi. Testuak Zelai Amenabarrok zuzendu ditu, eta grafikoak Ramon Aldasororenak dira. Ikertzaileek aurreratu dutenez, 1936ko gerran 100 legorretarrek parte hartu zuten. Horietatik 50 Eusko Gudarostean eta Errepublikaren aldeko milizietan ibili ziren, Francoren aurka.
Bestetik, Legorretako kultur arloa 1966 inguruan hasi zen atzera loratzen gazteen eskutik, Francoren erregimenak 30 urte betetakoan: Pikun berrik aldizkaria, antzerkia, euskara eta kultura mugimendua, dantza taldea eta ikastola sortu zituzten.
Frankismoko errepresio garaian, berriz, denera 50 atxiloketa eta 30 tortura gertaera ere izan ziren legorretarrengan. Herritarren ahotik entzun ahalko dira.