Hezi+ ikaskuntza sarea martxan da
Gipuzkoa mailan ikaskuntza arloan sortzen diren ekimenen bilgune izateko helburuarekin jaio da Hezi+ ikaskuntza sarea. Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatu du egitasmoa, eta lurraldeko hainbat elkarte, eragile eta erakunderen elkarlana bultzatuko du. Egitasmo horren ardatza, heziplus.eus webgunea izango da. Bertan, eragileek ‘plusak’ edo ikaskuntzarekin lotutako saioak sartu ahal izango dituzte. Izan ere, hori da proiektuaren helburua: «gipuzkoarrek elkarlanean eta modu parte hartzaile batean webgunea edukiz hornitzea, ikaskuntza sare eguneratu eta aktibo bat» sortuz.
Adin eta zaletasun ezberdinetara bideratutako ekimenak jasotzen dituzte, beti ere, «ikasteak pertsona bezala hazten laguntzen duela oinarri» hartuta. Hala, bost ataletan banatu dute eskaintza: osasuna eta ongizatea, kultura, gizartea, teknologia eta zientzia eta natura. Dagoeneko 74 formakuntza erakundek parte hartzen dute bertan, horietako batzuk Goierrikoak, hala nola Maizpide euskaltegia eta Ttiklik.