Isilka kontatutakoak, plazara
Segurarrek sortu eta antzezten dute ‘Ez dira aspaldiko kontuak’ lana, eta Donostiako Viktoria Eugeniako antzokiraino iritsi da. Giza Eskubideen Zinemaldiaren barruan, memoria historikoa berreskuratzeko helburuz, frankismo garaia eta garai hartako hezkuntza irudikatuko dute etzi.
Gerran gertatutakoa etxean kontatzen ziguten, isilka. Gauza horietaz lasai hitz egitea lortu dugu» Lurdes Imaz (Gidoigilea) «Segurako saioa bukatu genuenean jende guztia identifikatuta sentitu zen» Isa Iparragirre (Aktorea)Imazek berak lehenengo pertsonan bizi izan zuen ikastolen sorrerako mugimendu eta garai hura, Idiazabalgo ikastola berriko 20 urteko andereño gaztea zela. Beasainen eskualdeko gainerako herrietako ikastoletako batzordeetako guraso ordezkariek egiten zituzten bilerak barru-barruan gordeta ditu, eta bilera haiek antzeztu nahi izan ditu. «Bilera haietan zegoen indarra eta energia izugarria zen; irakaskuntza aldatzeko gogoa, beste era batera lan egiteko, eta euskaraz ikasteko beharra. Guraso haiek zeukaten indarrarekin txundituta gelditzen diren andereño gazteak». Garai hartan guraso gazteak ziren Goierriko zenbait herritako kideak aktore bihurtu ditu horretarako: Joxe Bikuña ataundarra, Antonio Irastortza lazkaotarra, Joxe Joakin Lasa beasaindarra, Julian Urteaga idiazabaldarra, Jose Ramon Agirre zegamarra eta Gregorio Elorza segurarra. Helburuak lortuta Belaunaldi askoren arteko loturak sortu ditu herri antzerkiak. Batetik, herri antzerkiaren aitzakian, 12 eta 80 urte bitarteko segurarrak elkartu dira aktore lanean, eta «oso aberatsa» izan dela diote. Bestetik, agertokiaren beste aldean dauden ikusleen artean eragitea izan da herri antzerkiaren helburuetako bat, transmisio lana egitea. Hainbat adinetako herritarrak antzerkiarekin identifikatuta sentitzea lortu dute segurarrek. Isa Iparragirre aktoreak adierazi duenez, Segurako saioa bukatu zutenean, jendea «erabat identifikatuta» sentitu zen. «Antzeztu dugun beste herrietan ere berdin geratu zaigu». Adin askotako ikusleengana iritsi da mezua: «40 urtetik gorakook hori dena bizi izan genuen, 40 urtez azpikoek entzuna daukate, eta ikusteak bizi eginarazten dizu historia. Gazteei, berriz, gertatu zenaz jabetzeko balio die. Lortu dute, beraz, lehenagoko egoera transmititzea: «Segurako sukalde guztietan hitz egin da gai horretaz, ikastola, moja, gerra… historia bizirik gordetzea lortu dugu». Idiazabalgo emanaldian, ikusleen artean Aranzadi elkarteko kide bat izan zen, eta hari esker iritsi dira Donostiara, Giza Eskubideen Zinemaldira. Agertokia ere garai bateko altzariz hornitu dute. «Segurako eskolako gela bat oso ondo dago irudikatuta. Orduko mahaiak dira, mantal zuriak, apreta gorriak, liburuak… benetako eskola bat ikusten du ikusleak».